Usurbilgo adinekoen egoitza berria, 2021erako martxan

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 6a, 10:50

Aspaldiko proiektua gauzatzear da; Usurbilek adineko egoitza berria izango du etorkizunean. Proiektuaren ezaugarriak eta epeak finkatu ditu jada Gipuzkoako Foru Aldundiak. Urte honetako udazkenean hasiko lirateke lanak, eta aipatu moduan, bi urte barru gunea martxan egongo litzateke Kalezarren, garai bateko monjen konbentuaren lur eremuan. 

Hala iragarri du Foru Aldundiak, berritzaile eta aitzindari gisa definitu duen proiektu honen inguruan eginiko aurkezpenean. "Ziur gaude etorkizuneko egoitzak, Gipuzkoan eta mundu mailan, Usurbilekoak bezalakoak izango direla", Ahaldun Nagusi Markel Olanoren hitzetan. Adinberri zahartze osasuntsuaren inguruko estrategiaren baitan kokatzen du Aldundiak Usurbilgo egoitza berria edota Pasaian eraikiko dutena. "Paraleloan doaz bi egoitza horiek eta horrek esan nahi duena da Adinberri estrategiak bi esperientzia aurreratu eta aitzindari izango dituela. Horrek etorkizunean egoitza guztiek ikuspegi berdina jorratzeko balioko du", Ahaldun Nagusiaren esanetan. 

Etxean sentiarazteko egoitza

Ospitale baten egitura duten egoitzen eredutik urrundu eta Kalezarko guneko erabiltzailea etxean bezala sentiarazi nahi da; irizpide hau kontuan hartuta diseinatu dute egoitza. Hortxe proiektuaren berritasuna. "Gure helburu nagusia, pertsona etxean bezala sentiaraztea da", Olanok zehaztu duenez. Ildo beretik mintzatu da, proiektuaren aurkezpenean parte hartutako Matia Fundazioko zuzendari nagusi Gerardo Munarriz ere. Urte hau amaitzerako eraikitze bidean izango den egitasmo honen lau ardatz nagusiak aurreratu ditu. Egoitza berriari esker, pertsonek bere bizi proiektuari segida eman ahal izatea; nork bere nortasuna mantendu ahal izatea; harremantzeko ingurune hurbila izatea ahalbidetu eta norberataz arduratuko diren profesionalak izatea; eta ekintzak. Egoitza berriaren "arkitektura horretara egokitu behar da", dio Munarrizek. Proiektu berritzaile honen atzean, urteetako ezagutza, proiektu eta ikerketak daudela nabarmentzen du.

Egoitza berriak etorkizunean hazten joango den behar bati erantzuten lagundu nahi dio. "Lurralde orekaren ikuspegitik, Buruntzaldean estali gabeko eskaera gehien zonalde honetan dago. Egoitza honek behar handia duen bailara bati egingo dio ekarpena", Olanoren hitzetan.

Etorkizunera egokitzen

Aldundiaren aurreikuspenen arabera, 2031rako Gipuzkoako 10.000 pertsona baino gehiago egon daitezke dependentzia egoeran. Pasaia eta Irungoekin batera, Kalezarreko egoitza berriarekin, Diputazioaren esanetan, "Gipuzkoa etorkizunean izango diren beharretara egokitzen ari da".

Zentzu horretan, zahartze aktiboaren aldeko estrategia garatzea ezinbestekotzat jotzen du Foru Aldundiak, baita etorkizuneko erronkei aurre egiteko Foru Aldundiaren, Matia Fundazioaren eta gizarte politiketako entitateekin bideratu beharreko elkarlana sustatzea. "Gipuzkoako gizarte politiken kudeaketaren muina eta oinarria hor dago. Egoitza hau eraikitzearekin batera, are gehiago estutuko da elkarlan hori", Olanoren hitzetan. 

DATUAK

Proiektua: adinekoen egoitza berria.

Kokagunea: Kalezarren, Haur Eskola eta Eguneko Zentroaren ondoan, garai bateko monjen konbentuaren lur eremuan.

Lanen hasiera (aurreikuspena): 2019ko udazkena.

Lanen amaiera (aurreikuspena):  2021.

Inbertsioa: 14 milioi euro (2,3 milioi euro Foru Aldundiak, gainerakoa Matia Fundazioak).

Bizikidetza unitate kopurua: 18. 

Plaza kopurua: 127.

Egitasmoaren sustatzaileak: Gipuzkoako Foru ALdundia, Matia Fundazioa, Usurbilgo Udala.