Abortuen %45eko gorakadaz ohartarazten duen azterlana plazaratu du Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak

Noaua Aldizkaria 2019ko urt. 3a, 12:44

Erraustegiak gure osasunean izan dezakeen eraginaz ohartarazten dabil 2004az geroztik, medikuen Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea, herriz herri eskaini izan dituzten hitzaldien edota agerraldi ezberdinen bidez. Mundu mailan prestigiotsuak diren erakunde ezberdinen hainbat azterlanen datuak plazaratu izan dituzte, ondorio argi batekin. Agerian utzi dute, errauskailuek osasunerako dakartzaten arriskuak eta arduradun politikoei herritarren osasuna lehenestea galdegin diete sarritan.

Urrats berri bat ematea erabaki dute orain; "gure mezua zabaltzeko aukera handirik ez dugunez, ez komunikabideetan ezta eztabaida publiko batean, sare sozialen bidez zabaltzeko hautua egin dugu".

Erraustegi "modernoez"

Erraustegia defendatzen dutenek erraustegi modernotzat jotzen dituztenak gutxiago kutsatzen dutela adierazi izan dute, baina OEIT-tik ohartarazten dutenez, "horren eraginaren gaineko datuak eskuratzeko urteak pasa behar dute". Halere, gaineratzen dutenez, aipatu datuok erraustegiak "kaltegarriak direla erakutsi arren, erraustegi modernoek gutxiago kusatzen dutela errepikatuko lukete". 

Erraustegia defendatzen dutenek hondakinak errausten dituzten hainbat herrialde eredugarritzat jotzen dituzte, baina OEIT-tik adi egoteko deia egin dute. "Ez Alemania ezta Europako iparraldeko herrialdeetan errausketaren aurkako ez aldeko azterketa epidemiologikorik ez dugu aurkitu. Baina daturik ez egoteak ez du esan nahi hondakinen errausketa kaltegarria ez denik!".

Aipatu moduan, azken asteotan hainbat ikerlanetako datuak plazaratzeari ekin diote honenbestez. Segidan kezkatzeko moduko datuak:

Iturria: ASWORTH DC 2014 "Waste incineration and adverse birth and neonatal outcomes: a systematic review"

"14 ikerketen berrikuspen sistematiko honetan hondakinen errausketak jaioberriengan duen eragina aztertzen da. Zenbait ikerketetan ez dute arriskurik atzeman baina beste batzuetan ondorengo arriskuen gorakada atzeman da: sortzetiko malformazioak %3, erbi-ezpaina %30 eta giltzurrunetako displasia %30".

Iturria: Candela S, 2013: "Air pollution from incinerators and reproductive outcomes: a multisite study. PROYECTO MONITER. ITALIA

"Zaborren errausketak 8 instalazioen inguruko 4 kilometroko perimetroan fetuaren garapenean daukan eragina aztertzen du. Lan honetan diote erditze goiztiarrak (<37 aste) %42an ugaritzen direla eta erditze oso goiztiarrak (<32 aste) bikoiztu egiten direla. Esposizioa PM10 partikulen dispertsio-eredu batekin neurtu zen".