Pentsio duinen aldarria bizirik Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 1a, 08:00

Hala iragarri dute, giro euritsua tarteko, Mikel Laboa plazan egin beharrean, ostegun iluntze honetan pentsio publiko eta bizi duinen alde frontoian egin duten elkarretaratzean. Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate jubilatu elkarteek deitutako mobilizazio amaieran adierazi dutenez, maiatzaren 26an ospatuko diren hauteskundeak arte, pentsio eta bizi duinen alde mobilizatzen segiko dute hilero azken ostegunetan, 19:00etan Mikel Laboa plazan (euria bada, frontoian).

Hauteskundeen bezperatan gainera, Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduek mobilizazio egun bateratua egitekoak dira lau herrialdeetan; Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Oraindik zehazteke dagoen egun horretan, gaurko eta etorkizuneko pentsio publiko duinak defendatzera deituko dituzte beste herri eta gizarte eragile edo mugimenduak.

Usurbildarrak ere mobilizazio hauekin bat egitera deitu dituzte gaurkoan. Mobilizazio amaieran plazaratu duten adierazpenean, oraingoan, emakumeak eta pentsioak izan dituzte hizpide. 

Emakumeak eta pentsioak

Pentsiodunen mugimenduaren barruan, oinarrizko eskubideak aldarrikatzerakoan, hala nola pentsio publiko duina exijitzerakoan, pentsiodun emakumeok oso garrantzi handiko taldea osatzen dugu. 2018ko urtarrilaren 15etik pentsioen sistema publiko eta propioaren alde udaletxe aurrean eta gainontzeko mobilizazioetan, pentsiodunekin batera borrokan gaude.

Egoera honi, milaka urteetan generoaren arteko ezberdintasunak alor guztietan eragin duen arrakala erantsi behar zaio. Hala nola, bizitzan zehar diru-sarrera txikiak edukitzeak emakumezkoen baitan sortzen duen genero arrakala handiagotzen digularik, zahartzaroan pentsio txikiak edukitzeak pobreziarako arriskua handiagotzen digu.

Errenta pertsonalerako kaltegarria den beste arrazoi bat etxeko langileak izatean datza, era askotako lanak egin beharra eta injustiziazko soldata eta kotizazioz gaizki baloratua, Barne Produktu Gordinaren garrantzizko zatia osatzen duena. Adibidez, 2013an etseko langile emakumezkoen ordaindu gabeko lana BPGaren ia heren bat izan zen.

Munduko Lan Erakundeak duela gutxi egindako azterketa nabarmendu dezakegu, non seinalatzen den Espainia Europar Batasunean bosgarren herrialdea dela etxeko langileak lan merkatu formalean ez dituena, bereziki sistema kapitalista patriarkalak emakumeari atxikitzen dion rola dela eta. Aipatu azterketak dioenez, Espainian lanik gabe dauden emakumeen %25,1ek dio ez daudela prest lan baterako eta zaintza lanagatik ez dutela bilatu ere egiten, jakinda gainera ez kotizatzeak zahartzaroan nolako ondorioa duen.

Hona beste datu bat, emakume euskaldun pentsiodunen bataz besteko pentsioa %44ean da, gizonezkoena baino txikiagoa, eta okerrago oraindik, alarguntasun pentsioa da beren artean askok kobratzen dutena. Euskal Herrian berriz, pentsioa kobratzen dutenen %45a alargunak dira, eta hauetatik %70 pobreziaren atalaren azpian bizi dira. 

Pentsioen arazoa nagusiki aberastasunaren banaketan datza. Pertsona pentsiodunak populazioaren %25 gara, baina aberastasunaren (BPG) %9,5 bakarrik jasotzen dugu. 

Pentsiodunok borrokan jarraituko dugu, eta urtarrilaren 17an Gasteizen Hego Euskal Herriko elkarte eta mugimendu asanblearioen bileran adostu zen bezala, maiatzean, elkarren arteko mobilizazio egun bateratua burutuko dugu Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Gipuzkoan, beste herri eta gizarte sektoreei ere elkartzera dei eginez, gaurko eta etorkizuneko pentsio publiko eta duinak defendatzeko.

Pentsionistak aurrera

2019ko urtarrilaren 31