Euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea 20:00etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2019ko ots. 22a, 09:36
Bigarren urtebetetzeagatik Xua zoriondu zuten usurbildarrek, urtarrileko azken ostiraleko elkarretaratzean.

Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, hileroko azken ostiraletako euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratzea gaur (otsailak 22) 20:00etan hasita Mikel Laboa plazan. 

Euskal presoen etxeratzea galdegingo da beste behin frontoi atzean egingo den mobilizazioan. Tartean, Usurbildik 600 kilometrora Valentziako Picassenteko espetxean segitzen duten Xua, Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangarena. Salbuespenezko espetxe politikaren eraginez, Usurbildik ehunka kilometrora dituzte preso. Olatzek eta Patxik espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak dituzte. Kalean behar lukete, Usurbilen, alaba Xuarekin batera. Baina aipaturikoa gugandik ehunka kilometrora segitzen dute.

"Ia Xua 3. urtebetetzea hemen, bere gurasoekin ospatzeko moduan den"
Gogoan izan Xuak bi urte bete zituen urtarrilaren 19an. Duela hilabeteko elkarretaratzean bildutakoek zoriondu zuten.

Haurrek maitasun osoz sortutako marrazki zein mezu politekin, Xomorrok botatako bertsoarekin, tartagileek eginiko tarta gozoen bueltan "Zorionak zuri" abestuz eta piztutako kandelak idatziz ospatu zuten urtarrilaren 25ean, Xuaren Usurbilgo lagunek, Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoen alabak urtarrilaren 19an bete zuen bigarren urtemuga. Bigarren urtebetetzea ere espetxean dela bizi behar izan zuen, oraindik indarrean segitzen duen salbuespenezko espetxe politikaren eraginez, gugandik 600 kilometrora, Valentziako Picassenteko espetxean. "Xuari gure zorionak helarazi nahi dizkiogu bere bigarren urtean, joan den larunbatean bete baitzuen", Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik ziotenez.

Urtebete barru, 2020ko urtarrilaren 19an 3 urte betetzean, aldaketarik ez bada, Xuak Picassenteko espetxea utzi eta gurasoengandik urrundu beharko du. Usurbilen biziko da bere amona eta Olatzen ama Mari Karmen Anzarekin. "Ia 3. urtebetetzea hemen, bere gurasoekin, ospatzeko moduan den. Hori izango litzateke oparirik onena beraientzat eta guretzat ere bai", adierazi zuten frontoian egindako mobilizazio berezian. Bai hitzez, baita mezu bera biltzen zuten globoen bidez ere. 

Pasa den eguberrietan Xua Usurbilen izan zen. Laster bueltan izango da berriz, urtebete barru biziko duen errealitate berrira moldatzen joan dadin. "Gabonetan izan genuen lehen aldiz gure artean eta batzuek ezagutzeko aukera izan zenuten. Laster ekarriko dute berriro herrira, bere herrira, pixkanaka ezagutzen eta egokitzen joan dadin", iragarri zuen Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak.  

Usurbilen behar zuten
Xuak, Olatzek eta Patxik jada Usurbilen behar zuten, "bere etxean beharko lukete aspaldi". Patxik eta Olatzek espetxe zigorraren hiru laurdenak beteak dituzte eta ohiko legedia aplikatuta, baldintzapean aske behar lukete, Xuarekin batera Usurbilen. Baina bistan denez, bestelakoa da errealitatea. 

"Dakizuen bezala, Picassenteko espetxean daude hirurak, Usurbildik 600 kilometrotara. Euskal preso gehienak bezala, urrunduak horrek, beraiei ez ezik, beren familiei eragiten dieten kalte guztiarekin", ohartarazi zuen duela hilabeteko mobilizazio berezian, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak.

Xua, Patxi, Olatz etxeratzeko borrokan segi beharko dela azpimarratu zuten. "Espetxe politikan azken hilabeteetan entzuten eta erdi agintzen ari diren aldaketak, ordea, ez dira gauzatzen. Horregatik segitu beharko dugu borrokatzen".