Ttipika, Inauteri Festan: “Jantzi mozorroa eta lotu dantzara!”

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 2a, 09:36

Larunbateko Inauteri Festan dantzara, plazara! Ttipika Dantza Gidatuen taldea bueltan datorkigu festa girora. Larunbateko jaialdiaren baitan, afalaurretik frontoian eskainiko duen emanaldiarekin abiatuko du taldeak bere hirugarren denboraldia. Mozorro festarako gogotsu dira. Dantza zaletu guztioi plaza hartzeko gonbita luzatzen digute Ttipikakoek.

Denboraldi berri batean atarian dago Ttipka?
Ttipika: 
Urrian eman genuen gure azkeneko kontzertua, atsedenaldia hartu genuen gero. Urtea hasi denetik aurtengo denboraldi berria prestatzen ari gara. Inauteri Festakoa izango da lehenengo emanaldia. 

Inauteri Festako afalaurrea girotzera zatozte?
Afalaurreko tartean, giro bikaina, dantza egiteko gogoa, azalpenak, erritmo bizia, barre egiteko aukera aurkitu du jendeak frontoian. Mozorrotuta dantzan aritzeko aukera bikaina.

Ttipika ezagutzen ez duenik bada, dantza gidatuen taldea zaretela esan behar? 
Bai. Dantza egiteko emanaldiak eskaintzen ditugu. Dantzak gidatzen dituen pertsona bat egoten da, azalpenak ematen. Dantza oso errazak dira. Buru pixka bat eta oreka pixka bat izatearekin aski da dantzan aritzeko, ez da maila zehatzik izan beharrik. 

Orientatzeaz gain, laguntza ere eskaintzen duzue?
Publikoaren arabera moldatzen gara. Publikoak dantzan badakiela ikusten badugu azalpen luzerik ez da izaten. Jendeari kostatzen bazaio, azalpen zehatzagoak ematen ditugu. Jendearengana moldatzen gara. Dantzan gehien kostatzen zaion jendea saiatzen gara erakartzen, edozeinek dantza egin dezakeela konbentzitzen.

Abesti batzuk sortuak badituzue.
Taldeak helburu desberdinak ditu. Dantzak egin ahal izateko bere musika sortu edo moldatzen du. Dantzak ere sortzen ditugu musika horientzat.

Pare bat urteko ibilbidea osatu duzue jada. Balantzea egiten hasita, zer nabarmenduko zenukete?
Duela bi urteko Dantza Egunean hasi ginen, aurtengoa hirugarren denboraldia izango da. Balantze oso positiboa egiten dugu. Hasieratik espero genuena baino babes askoz handiagoa izan dugu. Lehen denboraldian, 10 bat kontzertu ematera iritsi ginen probintzia askotan; tartean, Nafarroan, Lapurdin… Nafarroa Oinezetik deitu ziguten. Euskal Herriko mugak zeharkatuz, Kataluniara joatea lortu genuen. Guk uste baino harrera hobea izan dugu eta oso oso gustura gaude. 

Hirugarren denboraldira begira erronkarik?
Pixkanaka kanta gehiago sortzea, errepertorio propioagoa izatea, nahiz eta tradizionalak ez ditugun inoiz baztertuko. Taldeari gure esentzia propioa ematea eta lanketa horretan sakontzea. 

Larunbaterako gonbita.
Jantzi mozorroa eta lotu dantzara!