Zirimarakoekin jolasean hasiko dugu Inauteri Festa

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 2a, 09:55

Larunbateko Inauteri Festa jolasean hasiko dugu Zirimara egitasmokoen eskutik. Hitzordu irekia antolatu dute Eskola Kiroleko egitasmo eraberrituko sustatzaileek martxoaren 2rako 11:00etan frontoian. Erle Egunean ezkutaketan jolastu genuen, Inauterietan beste jolas batzuetan parte hartuz gozatuko dugu. Jakin nahi duzue zeinetan? Bada, etor zaitezte martxoaren 2an familia osoa edo lagunartean mozorrotuta eta parte hartuz ezagutuko dituzue. Ez dago aurrez izena eman beharrik. Bertara gerturatu aipatutako orduan eta kito!”. Udarregi Ikastola, Usurbilgo Udala eta NOAUA! K.E. kide izan eta ikasturte honetan abiaturiko proiektua zertan den galdetu diogu Zirimarako hezitzaileen taldeari. 

Aurkezterik bai, eskola kirola hutsetik haratago doan aisialdiko egitasmoa?
Zirimara: Eskola Kirolaren barruan kokatzen da. Orain arteko eredua, kirolean asko zentratzen zen. Horrek partaide batzuk aktibatzea ahalbidetzen zuen, baina beste batzuei ez zitzaizkien eskaintzen Eskola Kirolaren baitan bestelako jarduera batzuk. Oraingo ereduak, aukera aniztasun handiagoa eskaintzen dituen jarduera fisikoa eta kirola barnebiltzen ditu. Kirolarekin batera orain arte landu gabe geratzen ziren beste esparru batzuk lantzeko aukera eskaintzen du baita, aisia erreferentzia bezala hartuta: kalea, gorputz adierazpena, jolas libreak espazio desberdinetan... Lehendik zegoen eskaintza osatzera dator. 

Gabezia batetik abiatzen da Zirimara?
Bai. Eskola Kirolaren eskaintzarekin ikusten genuen, batzuek kirol jarduerak gustuko zituztela, baina beste batzuen betebeharrak ez genituela asetzen. Kirol munduko begiraleak genituen. Hor orain aisialdiaren ikuspegia txertatu da, eta aisialdiko begiraleak kontratatu dira. 

Orain artekoaz, zer nolako balantzea egin dezakezue? 
Beste behar eta interesak dituzten haurrak parte hartzea eta iaz segi edo ez zalantzan zirenek jarraitzea oso positiboa da. Gurasoekin eginiko bileran, bereziki, kaleko proposamenen egokitasuna nabarmendu zen. Kiroldegitik kalera ateratzea. Espero ez ziren ekintzak egin dira kalean, naturarekin lotutakoak, kalean topatzen zituzten gauzekin jolastuz… Adin tarte ezberdinetako ikasleak nahastu ditugu. Halere, hobetzeko lan ildoak baditugu. Jarraipen taldeak eskaintza findu eta aberasten laguntzen du. Aldaketa honek guztiak, segida izango duen lanketa luze bat du.

Ikasleak eta gurasoak nola kokatu dira egitasmo berritu honetan?
Aldaketari beti beldurra zaio, aldaketa hori gozatzen saiatu ginen. Lehen asteetan bertan behera geratu ziren beldurrak. Pixkanaka lortu behar duguna da, Zirimara ez izatea zerbitzu bat. Gurasoek ere bere egitea proiektu hau, umeek egiten duten moduan, denon artean herrian beste dinamika batzuk sortzen laguntzearekin batera.

Gurasoak partaide aktiboagoak bilakatzea duzue erronketako bat?
Bai. Eta proiektuaren indarguneetako bat badena jada, kontestu inklusiboagoak sortzea. Zerbitzua denon artean sortuko dugun proiektu bezala ulertzea, seme-alaba eta gurasoekin. Guraso batzuk eskertu eta parte hartzeko prest agertu dira. Gurasoek seme-alabekin batera gozatzeko pausoak ematen ari gara. Haiekin eginiko balorazio bileran, datu bilketa egin eta talde eztabaidak egin genituen. Bestalde, 160tik gora guraso eta seme-alaba ezkutaketa jolasen bueltan batu zituen Erle Eguneko familia topaketak. Ederki pasa zuten. Helburu bikoitza zuen: denon artean ondo pasatzea eta herrira begirako ekintza bati indarra ematea. 

Zirimarak herrira zabaldu nahi du beraz.
Eskola Kirola azkenean denentzako da. Aginaga eta Zubietako eskolako koadrilatxo bat etortzen da, Lasarten ikasten duten batzuk ere badatoz. Hemen edo kanpoan ikasten dutenentzat irekia dago. Herri gunetik kanpo ikasten dutenentzat, ordutegi ezberdinak ditugu. 

Nolakoa da Zirimarako dinamika egun bat?
Sarrera ordutegi malgua dugu, 16:30-17:00 artean, nahi duenak ikastetxetik lasai atera eta askaldu dezan. 17:00etan biltzen ditugu adinaren arabera bi eremutan, ikasle kopuru handia baita. Zer egin erabakitzen da. Gero jolas autogestionatuekin hasten gara. Bi formatu ditugu, 7 talde. Kirola, gorputz adierazpena, kale jolasak… Saio bereziekin tartekatzen dugu: harrapaketa jolasak, ginkana, herri kirolak, jolas arruntak beste baliabide batzuekin…  Gero bildu eta 10-15 minututan beraiekin saioa baloratu eta hausnartzen dugu.

Hausnarketa tarte horietan, zer da jasotzen duzuena?
Jasotako hitzak “oso ondo” eta “noiz joango gara berriz?” izaten dira. Lehenengo mailakoak dira hasieratik Zirimara egitasmoa ezagutzen ari direnak, aurreko eredua ezagutu ez dutenak. Lehengo formatutik datozen 2, 3 eta 4 mailetako ikasleak berrikasten dabiltza. Lehen mailatik hasten direnak modu hau lantzen, beste ikuspegi zabalago bat eraikiko dute aurrera begira ere eta eskaintza hau egonkortzen lagunduko dute. Pedagogia pixka bat egiteko denbora behar da, baita gurasoen eskemak aldatzeko ere. Zer garrantzitsua den bi orduko saioak izatea, harreran lasaitzeko, ekintzak egiteko kalera atera eta bestelako ekintzak egiteko eta amaieran egindako horren inguruan hausnartzeko. Lehen saioak gidatuak izaten ziren. Orain modu antolatuan planteamendu autogestionatkau garatzen hasi dira, kalera atera eta ziurgabetasun handiagoa dute, interesgarria da hori jolasarentzat eta haurren garapenerako. Lortu da toki irekietara zabaltzea, kalera ateratzea, eguraldi txarrik ez dagoela ulertzea. Zirimararekin kalean jolastea bermatzen da. Esparru desberdinetan kokatzen jakitea, begirale eta testuinguru desberdinetan, material anitzekin, proposamen gidatu edo irekiagoekin, adin ezberdinetako jendearekin. Dena da ikasketa bat azkenean.

Proiektuaren eboluzioa aztertzen ari zarete. 
Laguntzen ari garen taldetxo horretan, gehienok ikerketa mundura dedikatzen gara arlo honetan, eremu fisiko eta kirolean. Aurreko bi urteetan ebidentzia asko bildu ditugu. Aurrera begirako erronka, esaten duguna eta ebidentzia zientifikoa bat eginda joatea da. Ekintzen eragina aztertzen ari gara taldetxo bat. Hezitzaileen lana baloratu behar da. Asko espezializatu dira. Bestalde, saioak bi ordutara luzatzeak, gurasoak haien aisialdi tarteari erabilera desberdin bat ematen hasi dira, lehen ez bezala. Batzuk kirola egiten hasi dira. Eskola Kirolaren helburua hori da hain zuzen, gerora praktika horrek irautea. Kezkagarria baita 14 urtetik gora nola jaisten den federaturiko kirolari kopurua. Erronketako bat da honi nola jarraipena eman. 

Hau zabaltzea litzateke asmoa? 
Hiru lan lerro ditugu. Eskaintza maila gehiagotara zabaltzea. Bigarrena litzateke aisialdi talde bezale egitura finko bat eman, herriari erantzungo dion ekimen bat izatea. Hirugarren lan ildoa da, topaketa bat antolatzea, beste herrietako ereduak ezagutu eta zertan hobetu ikasteko. 

Zirimararen abestia
Larunbateko jolasetan abestu eta dantzatuko den kanta duzue ondokoa, Zirimara egitasmokoek sortu dutena. Hemen abestiaren letra:

KALABERA doinuan.
Zirimara, zirimara… zirimara, zirimara…
dena ez da ta ez dena bada
gaur elurra, xirimiri …. gaur euria, mara mara
amesten dugun hura gara. 

Eskolako lau hormen/ kanpoan zer dagoen
geurez ikasteko prest gaude hemen.
Lehorreko pirata/ bat gaztainak tiraka
banbu bat moztuta egin du hanka! 

Apustu ta iritzi/ malda igo ta jetxi
belar-meta hartara nor iritxi.
Kaina eta txardango/ iturri baten trago…
kalekoa baino hobea dago.

Pantailak pasatzera/ ez gabiltza, bai zera!
baizik zuhaitz batetikan bestera.
Gauaren ikusmiran/ ilargiak dir dir han
kantuan aritu gara su-jiran.