Usurbil jolastoki handia, gaurko Inauteri Festan

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 2a, 10:26

Mozorro jostalariak prest izango dituzue jada? Heldu da jantziak plazan erakusteko ordua. Inauterietan gara! Aurtengo gaia jolasena dugu, urte amaieran zuek eginiko ekarpenen artean hautaturikoa. Usurbil jolastoki erraldoian bilakatu nahi dugu gaurko josi dugun egitarau koloretsu eta berrituaren bueltan.

Berrikuntzekin baitator 2019ko Inauteri Festa. Aisialdi munduko taldeekin eta ekintzekin abiatuko dugu eguna. Goiz parterako, Udarregi Ikastolak, Usurbilgo Udalak eta NOAUA! Kultur Elkarteak ikasturte honetan elkarlanean abiatu duten Zirimara, eskola kiroleko egitasmo eraberrituak pasa den Erle Egunerako prestaturiko antolaturiko dinamikari jarraituz, haur, gazte nahiz helduentzat jolasak prestatu dituzte larunbat goizerako. “Erle Egunean ezkutaketan jolastu genuen, Inauterietan beste jolas batzuetan parte hartuz gozatuko dugu. Jakin nahi duzue zeinetan? Bada, etor zaitezte martxoaren 2an familia osoa edo lagunartean mozorrotuta eta parte hartuz ezagutuko dituzue. Ez dago aurrez izena eman beharrik. Bertara gerturatu aipatutako orduan eta kito!”.

Ekimen hau eguerdirako antolatu dugun desfile moduko kalejirarekin lotu dugu. Zirimara proiektuko parteko azken bi jolasak Mikel Laboa plazan eta Artzabalen ospatuko dira. 11:30etan ospatuko da Mikel Laboa plazakoa eta handik Inauteri Festa egunez ezagunak ditugun Burrunbazale txarangakoekin Artzabalera joko dugu azken jolasean parte hartzera. 

Jostalari guztiok, mozorrotuta, txarangarekin batera kalejiran murgiltzera animatzen zaituztegu. Bazkal ordura arte luzatuko den ekimenari ahalik eta desfile itxura handiena eman nahi diogu. Animatu eta murgildu ekitaldi koloretsuan!

Gaztelekukoak herensugearekin
Zirimarako parte hartzaileekin batera, Gaztelekukoak ere bertan irtengo dira, herensuge eta guzti. “Ostargi Gizarte Elkartean, hainbat nerabe eta gurasoekin sortutako Herensuge txinatarra aterako dute kalera. Nerabeak ohilaren azpian joango dira Herensugeari bizitza emanez. Beste nerabe batzuk inguruan joango dira, zintak astinduz, zorteko gailetak banatuz, faroltxoak eramanez, kriskitinak joz eta diaboloa dantzatuz”, Gaztelekutik NOAUA!ri aditzera eman diotenez.

Dagoeneko prestaketa lan betean dira. “Duela urte batzuk, Herensugearen burua erraldoi bihurtu genuen Gaztelekuko erabiltzaile batzuekin eta aurtengo gazteek buru berria egiteko asmoa dutela esaten dute eta horretarako materiala biltzen ari dira”.

Kalejiraz gain, beste bi hitzordu antolatu ditu Gaztelekuak Inauteri Festako arratsalde parterako. “Arratsaldean, ondo errotuta dugun ekintza, Karaokea, egingo dugu. Denok ikaragarri gozatzen dugu, musika topera jarriz, elkarrekin eta mozorrotuta, abesten. Eta amaitzeko Bingoa, ea nork izango duen zortea bere alde! Eta honela jai giroan amaituko genuke eguna!!!”. 

Erromeria herriko taldeekin
Bigarren kalejira bat izango da arratsalde partean, Burrunbazale txarangakoekin. Eta gero herriko taldeen txanda; erromeria goizaldera arte, afalaurretik Ttipika taldekoekin eta gauerdia pasata, 01:00etan hasita, Larrian Gozoko kideekin.

Usurbilgo Inauteri Festa
Martxoak 2, larunbata
Gaia: 
JOLASAK (Mahai jolasak, denetariko jokoak...)
11:00 Inauterietan jolasak familia giroan frontoia, herri osoari zuzendua.
Antolatzaileak:Zirimara taldea, Noaua Kultur Elkartea, Udarregi ikastola eta Usurbilgo udala.
11:30 Frontoitik abiatuta, Inauteri Festako kalejira eta desfile herrikoia Kaxkoan barrena. BURRUNBAZALE txarangak musikatuko du ekitaldia. Gaztelekukoak haiek sortutako herensugearekin desfilea egingo dute. Ibilbideak, besteak beste, Zirimara eskola kiroleko egitasmoko kideekin partekatuko ditugun bi jolas gune izango ditu! Mozorrotu eta batu guztiok desfilera!
16:00 Karaoke Festa Gaztelekuan. Mozorrotuta etorri!!!
17:30 -19:30 Frontoitik abiatuta, BURRUNBAZALE txarangarekin kalejira.
17:30 Bingoa Gaztelekuan.
19:30-21:00 Ttipika taldearen dantza gidatuen emanaldia eta erromeria frontoian. Plazara, dantzara!
01:00-02:30 Larrian Gozo Usurbilgo taldearekin gautxori morrozotu eta jostalarien erromeria frontoian. 
Antolatzailea: 
Noaua! Kultur Elkartea.