Euskaraldiari lotutako hirugarren galdetegia osatzeko garaia

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 4a, 09:43

Usurbilgo Belarriprest eta Ahobizientzako deialdia. Adi gaurtik zuen posta zerbitzuari. Euskaraldian parte hartu zenuten guztiok, 11 egunez egin genuen ariketa kolektibo horren eragina neurtzeko hirugarren eta azken galdetegia jasoko duzue egunotan.

Adi Usurbilgo 1.333 Ahobizi eta Belarriprest guztiok. Dakizuenez 2020an izango dugu Euskaraldiaren bigarren edizioa. Aurretik ordea, azaroaren 23tik abenduaren 3ra egin genuen ariketa kolektiboa borobiltzeke dugu. Dakizuenez, Euskaraldiaren eragina neurtu nahi du Soziolinguistika Klusterrak. Horretarako hiru galdetegi prestatu zituen parte hartzaileentzat. Hirugarrena eta azkena, martxoaren 4tik aurrera jasoko duzue emailez. Adi beraz zuen postari. Galdetegia betetzeak 5-10 minutu baino ez dizkizu eskatuko. Oso garrantzitsua da galdetegiok osatzea, Euskaraldiaren benetako eragina neurtu ahal izateko.

Kike Amonarriz, Euskaraldiaren ondorenaz Potxoenean
“Euskaraldia: 11 egun euskaraz, eta gero zer? solasaldia antolatu du Euskaraldia Usurbilen eragiten aritu den batzordeak martxoaren 12rako (asteartea) 18:00etan Potxoenean. 11 egunetan bizitakoa gogora ekarri eta Euskaraldiak utzitako ondorenaz aritzeko Kike Amonarriz soziolinguista gonbidatu dute hitzordura. 

Bigarren Euskaraldia, 2020an
Ahobizi eta Belarriprestok adi, konturatzerako Euskaraldia bueltan datorkigu eta. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herrian 220.000 lagunek eginiko ariketa kolektiboak jarraipena izango zuela iragarri zuten sustatzaileek, joan den urte amaierako 11 eguneko ekimena amaitu berritan. Data finkatu dute orain; geure hizkuntza ohituretan eragin eta euskararen erabilera sustatzea helburu duen ekimenaren  edizio berria, 2020ko udazkenean ospatuko da. 

Estreinako edizioan bezala, Ahobizi nahiz Belarriprest rolen bidez, iazko udazkenean 11 egunez egin eta hasitako ariketari segida ematea, Euskaraldian parte hartzera gonbidatuko dira herritarrak. Eta berrikuntza bat ere iragarri dute; 2020ko udazkeneko ariketa kolektibo berrian, erakunde publiko, enpresa, saltoki, elkarte eta abarrei, entitateei oro har, haien guztien jardunean euskararen erabilera indartzeko konpromiso zehatzak hartzea bultzatuko da.