Lesboseko errefuxiatuak laguntzeko azoka solidarioa frontoian

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 15a, 19:00

Lesboseko errefuxiatuei lagundu asmoz, Udarregi Ikastolako LH6ko ikasleek azoka solidarioa antolatu dute frontoian Zaporeak elkartearekin elkarlanean. Jaki goxoak, kamisetak, eskulanak... denetik jarri dute salgai. Frontoian izango dira iluntzera arte, eta azoka amaitzeko zozketak ere izango dira.

Zaporeak gobernuz kanpoko erakunde (GKE) bat da eta beraien eginkizuna errefuxiatuei laguntzea da: janaria ematea, arropa ematea… Gaur egun Lesbosen dabiltza lanean, sukalde berri batekin.

Errefuxiatu hauek bide latza egiten dute Lesbosera iristeko, batzuk Siriatik etortzen dira eta asko bidean hil egiten dira. Gainera kanpamenduan baliabideak eta bizi-baldintzak ere ez dira onak, ondorioz bizi-kalitate oso txarra dute. Egoera horretan bizi diren pertsonak laguntzea da Zaporeaken helburua eta hori lortu bidean, LH6koek azoka ekarri dute Usurbilgo frontoira.