Miriam Arrillaga Beloki etxeko eta lagunez inguratua, final handiaren atarian

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 17a, 11:50
Miriam Arrillaga Beloki senideez inguratua, Emakume Master Cup Txapelketaren final handia hasi aurretik.

Igande eguerdi honetan jokatuko du Miriam Arrillaga Belokik, Patri Espinarrekin batera Emakume Master Cup Txapelketako hirugarren edizioko final handia! Zumarragako frontoian da jada Miriam, senide eta lagunez inguratua. Final handia zuzenean eskaintzen ari da ETB º.

Leire Garai eta Leire Etxanizekin lehiatuko dira Miriam eta Patri. Ez zaie animu eta babesik falta. "Pim pam pum, Miri ta Patri txapeldun!" izeneko pankarta eseki dute frontoian. Partida zuzenean ikus dezakezue esteka honetan: https://www.eitb.eus/eu/telebista/etb1/

Miriam Arrillaga: “Oso pozik nago, sufritu eta gero orain lasai”
Finalerako egun gutxiren faltan, zer moduz zaude?
Oso pozik, sufritu eta gero orain lasai. Nahiko lasai, finalerdia eta orain finaleko astean nahiko lasai eta igandea iristeko gogotsu naiz.

Hedabide ugariren telefono deiak jasotzen ari zara. Elkarrizketaz elkarrizketa ibiltze hau zer moduz daramazu? 
Azkenean gustura hartzen dira, jendeak badaki zer egin duzun eta gustura hartzen dira halako deiak. 

Nolakoa izan da finaleraino jorratu duzun bidea?
Txapelketa otsailean hasi nuen. Leire Etxaniz eta Leire Garairen kontrako lehen partida galdu genuen. Nahiko borrokatua izan zen partida baina gero beraiek alde egin ziguten. Bigarren partida, handik bi astera jolastu genuen. Oso gustura geratu nintzen neurketarekin. Irabazi eta finalerdietan ere, sufrituta baina irabazi egin genuen.

Aurreikuspenak gaindituta heldu zara finalera?
Txapelketa aurkeztu zenean, ez nuen uste finalera iritsiko ginenik. Aukera batzuk ikusten nituen baina ez nekien. Finalerdietara pasa ginenean nahiko urduri nintzen eta finalerdia irabaztea ikaragarria izan zen. 

Finala igandean Zumarragan.
11:45ean bigarren mailakoek jolastuko dute. Gero guk ia zer egiten dugun. 

Lagun eta senideak Zumarragan izango dituzu. Zer jasotzen ari zara inguru hurbilarengandik eta azken egunotako elkarrizketa zaparrada honetatik?
Aste honetan sarrerak, gonbidapen bidez zabaltzen ari garenez, jendeari idazten gabiltza sarrerak lortzeko. Egunero zerbait bada, batetik edo bestetik deitzen gaituzte. Asteartean izan genuen aurkezpena, han ere elkarrizketak izan genituen. Babes handia jasotzen ari naiz lagunen eta senideen aldetik.

Babes hau emakumeen txapelketek merezi duten tokia izate horretan islatzea izango duzue erronka ezta? Aurrerantz goaz?
Pauso dezente handia eman dugu, batez ere telebista sartu delako eta telebistarekin batera egunkari eta aldizkariak, hedabideak asko sartu dira. Pauso handi bat eman dugu eta bide honetatik jarraitu behar dugula uste dut. 

Asko dago egiteke?
Oraindik mutilengandik urruti gaudela nabari da. Baina beno, guk bidea egingo dugu eta ia atzetik datozenak hobeto aritzen diren.

Erreferenteak beharko dituzte eta.
Bai, oso garrantzitsua da. Orain pixka bat mugitu eta ia atzetik jendea etortzen zaigun.

Amaitzear duzuena Euskal Herriko txapelketa gisa definitu daiteke?
Zaragozako eta Kataluniako jendeak ere jolastu du. Finalean gipuzkoar bakarra izango naiz.

Jokalekura irteteko gogotsu beraz?
Bai. Egunero horretan pentsatzen. Batera joan, bestera joan. Taktikak pentsatzen, eta jada iganderako gogo handiarekin.