Miriam Arrillaga Beloki, Emakume Master Cupeko txapeldunordea

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 17a, 15:48
Miriam Arrillaga Beloki eta Emakume Master Cup txapelketako gainerako finalistak.

Emakume Master Cup Txapelketako txapeldunordea dugu Miriam Arrillaga Beloki, Patri Espinarrekin batera. Zorionak! 

Eguerdian jokatu dute txapelketako final handia Zumarragako Beloki pilotalekuan. "Hasieran oso ondo aritu gara, baina aurkariak 12-0 aurreratu zaizkigu eta gero pixkanaka behera etorri gara", adierazi dio Miriamek NOAUA!ri. Emaitza aparte utzita, ez du ahaztuko berehalakoan frontoi barruan bizi izan duena. "Frontoira sartu eta betea ikusi dudanean ikaragarria izan da", Arrillagaren esanetan. 

Sartu diren unetik eta partida osoan etenik gabe jaso du bertaraturikoen berotasuna. "Partida guztian isildu gabe aritu dira, ikaragarri animatzen zuten". Haiekin batera, "pim pam pum, Miri ta Patri txapeldun!" pankarta eseki dute gainera bi pilotarien irudiekin. "Bertara joan direnei eskerrik asko. Hau guztia posible egiteko ikus-entzuleak behar dira, asko animatu naute eta eskerrik asko! Ia hurrengoan txapelarekin ospatzen dugun!".

Txapela ez du eskuratzerik izan, baina zapore gozoz amaitu du txapelketa. "Partida bat galdu dugu, garrantzitsuak ziren beste biak irabazi ditugu. Nire jokoarekin oso gustura nago", Miriamen esanetan.

"Ia oraingoan txapela ekartzen dugun"
Gaurko neurketa Euskal Telebistak zuzenean eskaini du. Egunotan hedabideek ere hurbileko jarraipen, jarraipen estua egin diote Emakume Master Cup txapelketari. Aurrerapauso garrantzitsutzat jotzen du Arrillagak. "Jendeak ikusten zaitu, kalean batzuk ezagutzen zaituzte. Guretzat pauso handi bat izan da". Eta horretan segitzeko asmotan dira. "Ia pixkanaka aurrerabidea egiten dugun eta atzetik datozenek segitzen duten".

Etenaldi handirik ez du Miriamek gaurko finalaren ostean. Pala txapelketen denboraldia hasia da, Gravn txapelketa izango dute jokoan hurrengo asteburutik aurrera. "Ia oraingoan txapela ekartzen dugun", adierazi digu Miriamek.