Euskaraldiaren ondorenean sakontzeko bilera 18:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 20a, 11:10

Duela astebete Kike Amonarriz soziolinguistarekin Euskaraldiaren ondorenaz Potxoenean eginiko hausnarketa saiotik ateratako ideiei forma eman eta lanketa horretan sakontzeko bilera irekia deitu du Euskaraldia Usurbilek asteazken honetarako (martxoak 20) 18:00etan Potxoenean. "Ideia mordoa atera genuen, Kike Amonarrizekin batera, -en Euskaraldiaren sugarra itzali ez dadin. Horiei forma ematen hasteko" deitu dute asteazkeneko bilera. "Hurbildu eta lagundu Euskaraldiaren ondorena marrazten!".

Herritar andana bildu zen Potxoenean martxoaren 12an Kike Amonarriz soziolinguistarekin Euskaraldiaren ondorenaren gainean hausnarketa egiteko solasaldian. Gai bera lantzeko beste bi herritan lanketa egina zuen Amonarrizek aldez aurretik; lehena Oiartzunen, eta bigarrena Ean. Bertako emaitzak mahai gainera aterata eztabaidatu zuten herritarrek. Kezka nagusia honakoa izan zen: bi figuren rolak (Ahobizi eta Belarriprest) benetan ulertu dira?

Post-it orrietan bakoitzak bere usteak idatzi zituen galdera honi erantzunez: Zer azpimarratuko zenuke Euska- raldiaren ondorenaz?

Baliagarria
Batzuek alderdi eta aldaketa positiboak plazaratu zituzten, besteek, ordea, zer hobetu badela deritze. Gehienen ustez, baliagarria izan da Euskaraldia eta euskarari buruzko uste eta zalantzak modu naturalean hitz egiteko aukera eskaini du. Izan da eraginik sumatu ez duenik, baina aldatzeko pausoak ematea bakoitzaren ardura dela uste duenik ere bada. Amonarrizek beste herrietan eginiko hitzaldietan ere antzeko erantzunak jaso ditu, eta herri euskaldunetan erradiografia antzekoa dela ondorioztatu zuen. Euskaldunak ez diren herrietan emaitzak eta usteak bestelakoak lirateke.

Aldaketarik egin duten galdetuta, gehiengoak baietz erantzun zuen, 13 pertsonak, hain justu. Seik, aldiz, egu- neroko hautu linguistikoak egiten jarraitu dute, aldaketa berezirik gabe. Azken horiek argudiatu zuten aldaketarik ez dutela egin, lehenago ere inguruko guztiekin euskaraz egiten zutelako. Aldaketak egin dituztenen artean, sorpresarik hartu duenik ere izan da, sorpresa on horietako bat.

Datuei erreparatuz, emakumeak izan dira partehartzaileenak, ia %63 Euskal Herrian eta %59 Usurbilen. Adin taldeak kontuan izanda, 30-44 urte bitartekoak azpimarratu behar, %36,9ko partehartzearekin Euskal Herrian, eta %36,1 Usurbilen. Gazteen artean ere partehartze handia lurralde osoan (%23,7), bai eta Usurbilen ere (%20,3).

2020. urtean egingo da hurrengo esperimentu sozial handia, Euskaraldiaren jarraipena izango dena. Entitateei partehartze handiagoa eskatuko zaie edizio horretan, eta hori ahalbideratzea “postureoan” erori gabe, horixe izango da antolatzaileen erronkarik handiena.