Kabiene Elkarlan Gunea, parekidetasunerantz hazten

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 20a, 07:01

Kabia hazten doa, ondoko elkarrizketan jabetuko zaretenez. Kide berriak ditu Kabiene elkarlan guneak. Emakumezkoak gehienak, lankideen artean parekidetasuna sustatzeko egin duten apustuaren baitan. Kabiene kide berriotako hiru emakumerekin elkartu da NOAUA!: Danele Sarriugarte itzultzaile, kazetari eta idazlearekin; Maitane Zuriarrain barne diseinatzailearekin eta Ainara Azpiazu Aduriz “Axpi” ilustratzaile eta komikigilearekin.

NOAUA! Nola gurutzatu da Kabiene zuen bizitzetan?
Ainara Azpiazu. Etxetik kanpo lan egitea komenigarria izango zitzaidala pentsatzen urteak neramatzan. Facebook bidez izan nuen Kabieneren berri. Bisitan etorri nintzen.
Maitane Zuriarrain. Herritarra izanda, Kabieneren berri banuen. Etxean lan egiteak bere zailtasuna zuen, etxearen, lanaren eta bizitza sozialaren denborak ez nituelako bereizten. Kabieneren Hasiz Hazi beka deialdia azken egunetan zen eta proiektua aurkeztea erabaki nuen.
Danele Sarriugarte. Denbora neraman etxean lan egiten. Mezu bidez jaso nuen Kabieneren berri, eta hona etorri nintzen.

Etxetik kanpo, lantoki fisiko bat izateak zer ekarri du zuentzat?
M.Z. 
Orden bat, lanaren eta bizitza pertsonalaren arteko mugak bereiztea. Eta oso arlo ezberdinetako profesionalak egonda, interes komunak nola sortzen diren jabetzen zara. Elkarri zalantzak argitzen dizkiogu, oso aberasgarria da.
A.A. Denborak eta espazioak antolatzea eta egiten duguna partekatzeko sare bat izatea. 10 urte neramatzan bakarrik eta beti etxean, ordu gehiegi dira.

Ogibide ezberdinen arteko elkar laguntza sarea bada hemen?
A.A. 
Denok gara autonomoak. Antzeko zailtasunak bizi ditugu. Orain arte planteatu gabeko lotura berriak sortzen laguntzen du. 

Denbora kudeatzen sortzaile apartak izango zarete honez gero?
A.A. 
Horretan oraindik asko ikasteko dudala sentitzen dut.

Agian zailena hori da.
D.S. 
Ez zaude besteen aginduetara baina bete beharreko epe batzuk dituzu eta horretarako zuk antolatu behar duzu zure bizitza. Batzuetan zenbat eta muga gutxiago denborak ere askoz errazago ihes egiten dit. Halere niri espazioak horretan nabarmen lagundu dit.

Egun zer proiektu dituzue esku artean?
M.Z. 
Hendaiako eta Zarauzko bi etxebizitzetako berrikuntza lanetan nabil. Orioko jatetxe baten berritze lanetan ere bai.
A.A. Irrien Lagunentzako kolaborazio bat amaitzen ari naiz oraintxe. Eta Alaine Agirreren eta Iñaki Sanzek idatzitako liburuen ilustrazio lanekin nabil.
D.S. Ni ere ohiko lanekin nabil. Argia aldizkariarekin kolaboratzen dut batez ere kultura eta jendeak izeneko ataletan. Gero itzulpenak egiten ditut. Orain itzulpen luze batzuk ditut eta horiekin nabil. Tarteka beste gauza batzuk ateratzen dira.

“Beste langileek dituztenak baino askoz eskubide murritzagoak ditugu”
NOAUA! Zein da emakume autonomoen errealitatea?
Ainara Azpiazu. Urteak aurrera egin ahala, bizitza pertsonala planifikatzeko garaian zenbat eragiten duen konturatu naiz eta niretzat oraindik gogorra da. Soldatapean aritu eta langabezia kobratu dezakezu, guk hori ez dugu. Gure bajak oso baxuak dira, amatasun bajak bezala. Beste langileek dituztenak baino askoz eskubide murritzagoak ditugu. Eta hori oso gogorra egiten zait oraindik ere. Kuota oso altua dela iruditzen zait, ia 300 euro ordaintzen ditugu hilero. Legalki nahiko babesik gaudela iruditzen zait. Baditu bere alderdi onak; zure lan orduak antolatzeko aukera duzu, inork ez dizu esaten zer egin behar duzun eta zure irizpide propioak jar ditzakezu zure lanean.

Sortzaileon munduan oso ohikoa.
D.S. 
Autonomoa izatea erabaki dudan sentsaziorik ez dut izan. 4 urte daramatzat, nekeza egiten zait, baina pozik samar nabil oraindik. Ez dut sekula hausnartu autonomoa eta emakumea izatearen gaiaz. Baina zentzu horretan bat nator, martxoaren 8ko mugimendu feministak egin zuen deialdiarekin. Egiturazko baldintza batzuk daudela uste dut eta heziketa bidez barneraturikoak, eta horrek eragiten du. Soldatapean egongo banintz eragingo lidake agian beste modu batera, eta autonomo izanda eragiten dit tarifak adosteko orduan. Ez dut esaten hori bakarrik emakumeoi gertatzen zaigunik, baina irudikatzen dut badagoela loturaren bat. Ez dakit autonomoen tasak generoaren arabera zelan banatuak egongo diren, baina interesgarria izango da ikustea datu horiek nola dauden. Eragingo dutela irudikatzen dut.

Martxoaren 8ko greba deialdiaren bueltan nola kokatzen duzue zuen burua?
A.A. 
Baldintza horiengatik ere ezinbestekoa iruditzen zait, mila arrazoiengatik. Egun horretan gelditzeko egun bat iruditzen zait, sekulako pisua daramagulako emakumeok eta hori nolabait ikusarazi behar delako.
D.S. Gustatuko litzaidake hitz egitea beste emakume autonomoekin, ia zeintzuk diren beraien oztopo nagusiak.
A.A. Batzuetan ez duzu planteatu etxe bat ez ote duzun erosi autonomoa zarelako? Edo ez naiz izan ama lehenago autonomoa naizelako? Denborarekin planteatzen ari naiz gauza batzuk, hautu pertsonaletan uste baino eragin handiagoa izan dutenak.
M.Z. Ama oso gazte, 24 urterekin izan nintzen, autonomoa nintzela. Autonomoa eta ama izan eta gero etorri ziren ondorioak, nola egin aurrera. Egin zen halere.
D.S. Esperientzia horiek partekatzea interesgarria litzateke, beste batzuk nola egin duten jakiteko.

Aurrera begira, Kabienen ze ibilbide jorratu asmo duzue?
M.Z. 
Ez dut beste batentzat lan egitera bueltatzeko asmorik. Gainerakoan, Kabienen segi eta ze proiekturekin ikusiko da.
A.A. Hemen segitzeko asmoa dut, oraingoz oso gustura nago. Ikusten naiz hemen denbora majo batean. Lanari dagokionez, lanak nik bilatzea nahi nuke eta ez lanek ni. Betiko erronkak dira. Oso gustura nago.
D.S. Oso gustura nago eta jarraitzeko asmoarekin. 4 urte daramatzat autonomo moduan eta uste dut beti izan dela borroka, denbora hobeto kudeatzea. Gauza batzuetan hobetu da nire lan bizitza eta bizitza pertsonalaren arteko oreka. Ia Kabienek laguntzen didan horretan.

Parekidetasuna sustatzeko apustua
Kabieneko lan taldeak aldaketa nabarmena eman du azken aldian. Kide kopuruan gorantz egin du, baina gorantz egin ahala aurrera egin du baita parekidetasunerantz. “Denboraldi bat egon zen, emakume bat eta bost mutil zeudela”, oroitarazi dio Maitane Zuriarrainek NOAUA!ri. Ordutik, hamaika ahalegin egin dituzte kide emakumezko gehiago erakartzeko. Eta ahaleginak bere emaitza izan du. Usurbilgo elkarlan guneak egun 15 kide ditu, 7 emakumezko eta 8 gizonezko. Lerrootan elkarrizketatu ditugun hiru Kabiene kideokin batera, bertan bere ibilbide profesionala garatzen ari dira Yolanda Arrieta idazlea eta Aroa Etxeburua psikologoa. Maitanerekin batera, Aroa urtebeterako Hasiz Hazi deialdiko bekaduna da baita.

Bi urteko ibilbide emankorra
Zure kontutik lan egiten baduzu, interesgarria izango zaizu Kabiene elkarlan gunearen eskaintza. Lanerako mahaiak, bilera gelak, Internetarako konexioa, bulegoko materiala... Finean espazio bat, lerrootan elkarrizketatu ditugun hiru lagunek zioten moduan, bizitza pertsonala eta profesionala bereizteko, beste profesionalen laneko esperientzietatik elkar aberasteko eta norberak egiten duen lanketa ere kide gehiagorekin partekatzeko. 2016an sortu zuten elkarlan guneak jada bi urte pasatxoko ibilbide emankorra izan du eta aurrera begirako bideari ere, bistan denez, ibilbide oparoa dario.

Informazio gehiagorako...
Kabiene ezagutu edo zure lan proiektua bertan garatzeko interesa baldin baduzu, informazio edo argibide gehiago jasotzeko bideok dituzu. Telefonoz nahiz web bidez hartuemanetan jar zaitezke elkarlan gunekoekin: 943 55 96 75 / kabiene.com