Aspanogi laguntzeko elkartasun azoka 11:00etan hasita Udarregi Ikastolan

Noaua Aldizkaria 2019ko mar. 22a, 08:00

Udarregi Ikastolako Lehen Hezkuntzako ikasle talde batek azoka solidarioa antolatu du ostiral goizerako (martxoak 22), 11:00etatik aurrera Agerialdeko patioan. Klasean sortutako eskulanak salduta jasoko duten laguntza Aspanogi elkartera bideratuko dute.

Arkatz potoak, jostailuak, egutegiak, karterak... Ikasleek eskuz sortutako artelanak salgai jarriko ditu Udarregi Ikastolako ikasle talde batek, ostiral goizerako (martxoak 22) 11:00etatik aurrera Agerialdeko patioan antolatu duen elkartasun azokan. Ekimen solidario honetan jasotako laguntza, Aspanogi elkartera bideratuko dute. Gipuzkoako Haur Minbizidunen Guraso Elkartea da Aspanogi. "Xede nagusia haur minbizidunaren eta bere familiaren bizi kalitatea hobetzea da, gaixotasunaren berri izaten den unetik beraien beharrei erantzun bat emanaz".

Eskertza
Gogoan izan bestalde, Udarregi Ikastolako LH6ko ikasleek Greziako errefuxiatuak laguntzeko elkartasun azoka antolatu duten joan den martxoaren 15ean frontoian. Parte hartzaile guztiei eskerrak helararazi nahi izan dizkiete, sare sozialen bidez.  "LH6ko ikasleen eta Udarregi Ikastolaren partez eskerrak eman nahi dizkizuegu gure Azoka Solidarioan agertutako eskuzabaltasunagatik, bai herriko saltokiei baita bertaratu eta erosketak egin zenituztenei ere". Dirutza batu zuten duela astebeteko azoka solidarioan. "Gure ikasleek guztira 1.113 euro lortu dituzte. Diru hori Zaporeak (GKE) elkartera bideratuko da. Eskerrik asko guztioi eta bereziki LH 6ko ikasleei beraien lanagatik!"