Jexux Artze Kultur Elkarteak antolatuta udaberriko ekitaldiak martxan maiatzerako

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 23a, 09:14

Maiatzarekin bat, urtero bezala Jexux Artze Kultur Elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu . Lau ekitaldi proposatu dituzte: kontzertua, pelikula, antzezlana eta ikuskizun bana. Sutegiko auditorioan eskainiko dira guztiak. Sarrerak lortu nahi dituztenek Lizardi liburu-dendara jo beharko dute eta lehiatilara, egunean bertan. Ekitaldi guztiek ez dute prezio bera. Maiatzaren 4koa izango da lehenengo zita, arratsaldeko 19:30etan, larunbatez, Lau Sasuak kontzertua eskainiko du Vivaldiren Lau Urtaroak euskal instrumentuekin jota. Sarrerak Lizardi liburu-dendan izango dira eskuragarri 8 euroan edo 10 euroan egun berean, lehiatilan.

Ekitaldiz lepo, indartsu datorkigu maiatza: Andatza Eguna, Sagardo Eguna, hauteskundeak... tartean, Jexux Artze Kultur Elkartearen eskutik zenbait kultur ekitaldi. Ostiral eta larunbatetan etxean geratu nahi ez duten horientzat, Sutegiko auditorioan emanaldiak eskainiko dituzte gazte zein helduentzat. 

 

Kultur ekitaldiak Sutegin

Maiatzak 4, larunbata

19:30 Lau Sasuak Vivaldiren Lau Urtaroak euskal instrumentuekin (kontzertua).

Zehaztasunak: Baionako Arranoa laukoteak eta Ipar Euskal Herriko beste hainbat musikarik osatzen dute Lau Sasuak. arranoa taldeko Marina Beheretxe biolin jotzaileak sortu zuen proiektua, eta Antonio Vivaldiren Lau Urtaroak euskal maneran egitea zen asmoa.

Vivaldik sortu zuen musika honetan maturari buruz aritu zen eta bizitzaren edertasuna agertu. Louis Ligetx koblakari eta idazle zuberotarrak idatzitako Lau Sasuak bertso sorta ere errekuperatu dute. Horregatik deitu diote Lau Sasuak eta ez Lau urtaroak. Ahotsa, ttun-ttuna, txirula, txistua, txalaparta eta panderoa sartu dituzte hari laukotearekin batera. 

Musikariak hauek izango dira: Arranoa hari laukotea, Mixel Etxekopar bertsoak kantatzen, txirularekin, txistuarekin eta ttun-ttunarekin, Paxkal Indo eta Paskalin Xabaño txalapartarekin eta Parrik Larralde panderoarekin.

Sarrerak: Lizardin 8 euro aldez aurretik, 10 euro egun berean (lehiatilan).

 

Maiatzak 10, ostirala

20:00 "Soinujolearen Semea" (pelikula)

Zehaztasunak: Fernando Bernuesek zuzendu duen pelikula honen gidoia Patxo Telleriak idatzi du Bernardo Atxaga idazlearen nobela ezaguna egokituta. Eleberrian bezala, David eta Joseba izango dira pelikularen ardatza: AEBetara joan zen bizitzera David eta orain hilzorian dago. Josebak, txikitako lagun minak, bisita egingo dio eta horren bidez, bien iragana errepasatuko da. Frankismoa, ETAn izan zuten parte hartzea, Gerra Zibilaren oihartzunak, tortura, traizioa. Adiskidetasunari, traizioari eta indarkeriari buruzko istorio hunkigarri honekin Euskal Herrian bizi izandako historia aztertzen da.

 Zuzendaria: Fernando Bernues

Sarrerak: 5 euro Lizardin aldez aurretik eta egun berean lehiatilan.

 

Maiatzak 11, larunbata

20:00 "Zoaz Pake Santuan" (antzezlana)

Zehaztasunak: Komedia bizi, freskagarri eta barregarri honek umore beltzetik kontatzen du bikote baten porrota: gaizki esanak, haserreak, adiskidetzeak. Anek daraman bizimodu aspergarriarekin amaitzeko erabakitzen du Mikel pozointzea dela onena. Berehala, ordea, irauli egiten da kontua eta etxean giltzapetuta gelditzen dira biak. Orduan hasten da benetako gorabehera: elkarri inoiz esan gabeak esaten dizkiote. Hala, etenik gabeko elkarrizketetan murgilduko dira protagonistak. Eta, erritmo horri eusteko, ezinbestekoa izan da bi aktoreen arteko lan sakona.

Zuzendaria: Begoña Bilbao.

Aktoreak: Ane Gabarain eta Mikel Laskurain.

Sarrerak: Lizardin 8 euro aldez aurretik, 10 euro egun berean (leihatilan).

 

Maiatzak 24, ostirala

20:00 "H-Artzetik, poesia musu zapietan" (ikuskizuna)

Zehaztasunak: Sorkuntza kolektibo baten bidez Joxan Artzeren ibilbide poetikoaz egindako irakurketa eta berrinterpretazio bat da. Ordubete inguruko emanaldi honetan diziplina ezberdinak barnebiltzen dira: Artzeren eta ikuskizunaren egileen poemen errezitaldia, zuzeneko musika, arte plastikoak eta ikus-entzunezko proiekzioa.

Txakur Gorria kolektiboa duela hiru urte sortu zen. Sorkuntza kolektiboan irudia eta testua lantzen du hainbat euskarritan. Oraingoan Artzeren obra guztiak bildu, irakurri eta aukeraketa bat egin ondoren, horri forma eman eta eszenaratzeko modua aurkitu dute. 

Egileak: Txakur Gorria kolektiboa (Malen Amenabar, Mariñe Arbeo, Ane Labaka eta Nerea Ibarzabal) eta Peru Galbete musikaria.

Sarrerak: Lizardin 8 euro aldez aurretik, 10 euro egun berean (lehiatilan).