Igandeko hauteskundeetarako posta bidez bozkatzeko epea ostiralera arte luzatua

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 25a, 12:39

Berriz luzatzea erabaki dute posta bidez bozkatzeko epea. Oraingoan, ostiralera arratsaldeko 14:00ak arte. Eskaria garaiz eta egoki egina dutenek, beste egun bat gehiago izango dute honenbestez, aurrez eta posta bidez bozkatzeko.

Igandeko, apirilaren 28ko hauteskundeetarako hiru egun baino ez. Dagoeneko ordea, zabalik da bozkatzeko epea, botoa posta bidez ematea eskatu dutenen artean. Apirilaren 18a baino lehen, garaiz eta egoki modu honetan bozkatzea eskatu zutenek asteazken honetara arteko (apirilak 24) epea zuten bozkatzeko, Correos bidez baita.

Baina azkenean beste bi egunez luzatzea erabaki dute. Honenbestez, posta bidez bozkatzeko aukera izango da Correoseko bulegoan, ostiral arratsaldeko 14:00ak arte.

12 alderdi lehian
Gogoan izan, Espainiako Gorteetako hamabigarren legealdiak berea egin du. Erakundeok berritu eta datorren legealdira begirako hauteskundeak izango ditugu hilaren 28an.

12 alderdi politiko aurkeztu dira Gipuzkoatik Madrilgo Diputatuen Kongresua eta Senatua berritzeko deialdi honetara: EHBildu, EAJ, PSE-EE, PP, C ́s, Recortes Cero-GV, PCTE, Podemos-IU-Equo, PACMA, VOX, “Escaños en Blanco-Aulki Zuriak” eta PUM+J.

Sei diputatuek ordezkatuko dute Gipuzkoa Espainiako Kongresuan. Lau senatariek Senatuan. Kongresurako 12 hautagai zerrendetatik bat hautatu ahal izango da. Senatuaren kasuan, bozkatzeko modua aldiz ezberdina izan ohi da. Deialdira aurkeztutako 12 alderdietako hautagai bat, bi edo hiru aukeratu ahalko dira. Denak alderdi berekoak, edo desberdinetakoak.

Bozkatzeko tokiak
Apirilaren 28an, 9:00etan hasi eta 20:00ak arte irekiko dira hauteslekuak. Goizeko 8:00etarako egon beharko dute martxoaren 28ko udalbatzaren ezohiko osoko bilkuran egin zen mahaikideen zozketan hautaturiko 72 herritarrek. Guztira, 8 mahai egokituko dira guneotan: Kalezarreko Haur Eskolan, Zubietako Lanbide Eskolan (Zubietan bizi diren Usurbil aldeko usurbildarrentzat. Zubietako Donostia aldean bizi direnek Eskolan bozkatu beharko dute), Santuenea Auzo Elkartean, Aginagako Eskolan eta Udarregi Ikastolan. Ondo begiratu, etxean asteotan jasoko duzuen errolda txartelari, bertan adieraziko zaizue non bozkatzea dagokizuen.

Hautagaiei elkarrizketak
Aurreko hauteskunde deialdietako irizpideari jarraiki, Usurbilgo Udalean ordezkaritza duten hiru alderdietako (EHBildu, EAJ, PSE) Espainiako Kongresurako Gipuzkoako hautagaiak elkarrizketatu genituen apirilaren 12ko aldizkarian.