Udal hauteskundeak 2019

#M26 Datozen hauteskundeotan posta bidez bozkatzea eskatzeko epea zabalik

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 30a, 10:45

Maiatzaren 26ko hauteskundeetarako atzera kontaketa abian da. Aurrez bozkatzea eskatzeko epea zabalik dago jada. Ondoko lerrootan, hilabete barru ospatuko ditugun udal eta foru hauteskundeen, Europakoen eta Zubietako Herri Batzarreko bozketa egunaren gaineko xehetasunak dituzue.

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak igaro ez diren arren, abian da maiatzaren 26an ospatuko ditugun hauteskundeetarako egutegia. Gogoan izan, hilabete barru udal eta foru hauteskundeak ospatuko ditugu. Baita Europakoak ere. Zubietan Herri Batzarra berritzeko bozketa eguna izango dute baita.

Jada, posta bidez bozkatzeko epea zabalik duzue. Eskaria maiatzaren 16a baino lehen bideratu beharko da Correosen. Eskaria garaiz eta egoki bideratzen dutenek, maiatzaren 6tik 19ra jasoko dute beharrezko dokumentazioa. Une horretatik maiatzaren 22ra arteko epea izango dute bozka emateko. 

Udal, foru eta Europako hauteskundeotarako deialdiak apirilaren 2an argitaratu ziren. Gogoan izan, maiatzaren 26an Usurbilgo Udaleko udalbatza berritzeko aukera izango dugu. 13 ordezkariek osatzen dute (alkateak eta 12 zinegotziek) udalbatza.

Foru hauteskundeetako deialdia apirilaren 2an argitaratu zuen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak. Usurbil, Donostialdea izeneko hauteskunde-barrutian kokatua dago, Astigarraga, Donostia, Hernani, Lasarte-Oria eta Urnietarekin batera. Barruti hau 17 batzarkideek ordezkatuko dute, guztira 51 batzarkideek osatuko duten Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Zubietako Herri Batzarra berritzeko aukera izango dute zubietarrek maiatzaren 26an. Apirilaren 3an egin zuten hauteskundeotarako deialdia Usurbilgo eta Donostiako Udalek. 2019-23 legealdira begira 6 batzarkide hautatuko dituzte zubietarrek; Donostia aldetik aurkezturiko 3 kide eta Usurbil aldetik aurkezturiko beste hiru. Usurbil aldeko hautagaietako bat alkate izango da legealdiko lehen bi urteetan (2019-21 urte artean) eta Donostialdeko hautagaietako bat azken bi urteetan (2021-23 artean). 

UDAL, FORU ETA EUROPAKO HAUTESKUNDEEN EGUTEGIA
Apirilaren 2an plazaratu zituzten deialdiak.
Apirilak 2-maiatzak 16: posta bidez bozkatzeko eskaera egitea Correosen.
Apirilak 24: hautagai-zerrendak argitaratuko dira.
Apirilak 30: hautekunde egunerako mahaikideen zozketa Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan.
Maiatzak 6-19: posta bidez bozkatzea eskatu dutenei dokumentazioa helaraztea.
Maiatzak 6-22: posta bidezko bozka bidaltzea Correos bidez.
Maiatzak 10-24: hauteskunde kanpaina.
Maiatzak 26: hauteskunde eguna, 9:00-20:00 artean.
Erakunde berrituen eratzea: udalak ekainaren 15ean, Batzar Nagusiak ekaineko bigarren hamabostaldian eta Europako Parlamentua uztailaren 2an.

ZUBIETAKO HERRI BATZARREKO HAUTESKUNDEEN EGUTEGIA
Apirilak 30-maiatzak 7: hautagaien aurkezpena. Interesdunek idatziz dagokion Udalari jakinarazi.
Maiatzak 7: mahaia osatzeko zozketa egingo da.
Maiatzak 9: hautagaien aldarrikapena.
Maiatzak 20: aurrez botoa emateko aukera Usurbilgo Udaleko Idazkaritzan, goizeko 08:00etatik 14:30etara.
Maiatzak 26: hauteskunde eguna, 9:00-20:00 artean Alamandegi etxean. Zubietar bakoitzak botu-txartelean bi hautagai hautatuko ditu.