Udal hauteskundeak 2019

#M26 72 mahaikideak hautatu dira, zozketa bidez

Noaua Aldizkaria 2019ko api. 30a, 19:34

Espainiako Gorteetarako hauteskundeak ospatu berritan, maiatzaren 26ko hitzordurako prestaketa lanak abian dira. Astearte arratsalde honetako udalbatzaren osoko bilkuran egin dute, hilabete barru ospatuko den bozketa egunerako mahaikideen zozketa. 

Apirilaren 28ko hitzorduan bezala, 72 herritar hautatuko dira. Haietatik 24 izango dira maiatzaren 26an lan egin beharko dutenak, gainerako 48an haien ordezkoak izango dira; 24 lehen ordezkoak eta gainerako 24ak bigarren ordezkoak.

Ohi bezala, gaurko zozketan hautatuak izan diren herritarrei, jakinarazpena udaltzainen bidez helduko zaie hurrengo egunotan. Igande honetan bezala, 8 hautesmahai egokituko dira maiatzaren 26ko deialdian. Guneotan; Udarregi Ikastolan, Kalezarko Haur Eskolan, Zubietako Lanbide Eskolan, Santuenea Auzo Elkartearen egoitzan eta Aginagako Eskolan. 

Zubietako zozketa maiatzaren 7an
Zubietan, Usurbil aldean bizi direnek, aipatu moduan, Lanbide Eskolan bozkatu beharko dute, Donostia aldean bizi direnek eskola txikian. Horrekin batera, egun berean Zubietako Herri Batzarra berritzeko hauteskundeak ospatuko dira. Kasu honetan, deialdi honetan parte hartzeko bozka Alamandegi etxean eman ahalko da. Alamandegi etxeko mahaia osatzeko zozketa maiatzaren 7an egingo da.