Udal hauteskundeak 2019

#M26 Bilera ireki sorta deitu du EHBilduk asteotarako, euskara eta kulturari buruzkoa gaurko

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 6a, 09:24

Arlokako nahiz kolektibo ezberdinekin bilera sorta iragarri du Usurbilgo EHBilduk, maiatzaren 2tik 18ra, 2019-23 legealdirako proiektuak aurkeztu eta herritar nahiz eragileen ekarpenak biltzeko. Bilerotako bat gaurko, maiatzaren 6rako; euskara eta kulturari lotutako saioa 19:00etan Sutegi kanpoaldean.

2015-19 legealdia amaitzear den honetan, maiatzaren 26ko udal hauteskundeen atarian, bilera ireki sorta deitu du Usurbilgo EHBilduk herritar kolektibo ezberdinekin; gazte nahiz jubilatuekin. Arlokako beste hainbat bilkura ireki iragarri ditu baita koalizioak, hezkuntza, kultura eta euskara, ingurumena eta mugikortasuna, kirola edota feminismoa hizpide izango dutenak.

Eremu guztiotarako Usurbilgo EHBilduk 2019-23 legealdirako aurreikusiak dituen proiektuak aurkeztu eta bertaratzen direnen ekarpenak bildu nahi dituzte. Bilera erronda hau maiatzaren 2an abiatu zuten Potxoenean; hezkuntzaren inguruko saioa egin zuten arlo honetako eragileekin. Hilaren 18ra arte luzatuko da hitzordu sorta hau.

"Aurreko asteotan sare sozialen bidez aurkeztu dizkizuegu taldea eta programako proiektu nagusiak. Orain aurrez aurre aurkeztu nahi dizkizuegu, zuen ekarpenak jaso, datozen lau urteotako bidea zurekin eta herriko eragileekin egin nahi baitugu, elkarlanean. Bazatoz?", luzatu dute gonbita sare sozialen bidez.

DATOZEN DEIALDIAK
Maiatzak 6, astelehena
19:00 Kultura eta euskarako bilera Sutegi kanpoaldean.

Maiatzak 7, asteartea
19:00 Ingurumena eta mugikortasuneko bilera Sutegi kanpoaldean.

Maiatzak 8, asteazkena
12:30 Bilera jubilatutekin Artzabalen.

Maiatzak 9, osteguna
19:00 Feminismoaren inguruko bilera Sutegi kanpoaldean.

Maiatzak 18, larunbata
12:00 Gazteekin bilera Sutegi kanpoaldean.

Deitzailea: Usurbilgo EHBildu.