GARA egunkaria harpidetza eske

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 10a, 16:41

Gara egunkaria kinka larrian da 1998ko uztailean itxi zuten Egin egunkariaren 4,7 milioi euroko zorrari aurre egin beharko baitio. 10.000 harpide lortzea dute helburu ekaina bitarte, zatika ordaindu beharko duten zorrari aurre egingo badiote. Momentuz, 6.000 harpide baino gehiago lortu dituzte. Urrirako milioi bat euro ordaindu beharko dituzte eta horretarako 10.000 harpideen langa zeharkatzea ezinbestekoa izango zaie. Igande honetako egunkaria erosita ere laguntzeko aukera izango da, 25 euro balioko baititu aleak. Ale horrekin batera arte lamina bana emango zaie erosle guztiei. Euskal Herriko bederatzi artisten lanak banatuko dira, tokatu bezala, gustokoena hautatzeko aukerarik gabe. Jose Luis Zumeta usurbildarraren lan bat tarteko.

Harpidetza mota dezente eskaintzen ditu GARAk. Interneten informazioa musutruk eskuratzetik, egunkaria egunero-egunero etxean jasotzeraino. Konpromiso mailaren araberako harpidetza proposamena da komunikabideak eskaintzen duena. Maila horren arabera, eskainiko dituzten zerbitzuak eta hilean edo urtean ordaindu beharreko kopurua aldatu egingo da. Argibide gehiago jaso ditzakezue baita, bideotatik: naiz.eus atariko “Harpidetza” atala, 943 316 999, harpidetzak@gara.infoeta Portuetxe, 23-2a. 20018 Donostia helbideetan, edo GARA babesteko Usurbilen sortu den herritarren batzordeak asteotan herrian jarriko duen mahaian baita.

Bestalde, ekainaren 9an Anoetan elkartasun jaialdia antolatu dute. Sarrerak salgai jarri dituzte, lehenik Anoetan ospatzeko, gero aforoa handitzeko Illunbera lekuz aldatu eta gune honetarako sarrerak ere agortu dira. 

 

Itxiera ilegal batetik

GARAri Egini bidegabeki egotzitako zorra leporatzen zaio. Honen jatorria ulertzeko 20 urte egin behar dugu atzera. Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Baltasar Garzon epailearen aginduz 1977an abiaturiko Egin egunkaria eta irratia itxi zituten 1998ko uztailean. "Euskadi Informacion" izeneko egunkaria kaleratzen hasi ziren biharamunean eta proiektu berri bat abiatzeko herri finantziazio kanpaina bati ekin zioten. 1999ko urtarrilean jaioko zen aurten 20 urte bete dituen Gara egunkaria. Handik gutxira, 2000ko uztailean Egin ixteko agindua eman zuen Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile berak, Baltasar Garzonek “enpresen ondorengoza” ezarri zion GARAri eta hiru urte beranduago, 2003ko ekainean Gizarte Segurantzak aipatu egunkariko enpresa Baigorri eta KIE Egin-en zorraren “erantzule solidario” ebatzi zituen. GARA 4,7 milioi euro ordaintzera derrigortu zuten. 

Urrunago heldu zen auzia; 2007ko abenduan, auzitegi berak espetxe zigorra ezarri zien Eginen arduradunei. Hartutako erabaki guztion ostean, 2009ko ekainean Espainiako Auzitegi Gorenak Egin egunkariaren eta irratiaren itxiera bidegabea zela aitortu zuen. Itzelezko eta atzera bueltarik ez zuen kaltea egin ostean noski.

Orain 4,7 milioi euro ordaindu beharrean aurkitzen da gara. Urte hasieran Gizarte Segurantzarekin hitzartutakoaren arabera, sei hilabetero 500.000 euroko ordainketak egitera behartua dago GARA. “Lapurreta bat eta eraso bat prentsa askatasunari” hitzokin definitzen dute egunkariko kideek bizitzen ari direna. “Zentzugabekeria itzela da eta horregatik eskatzen diegu babesa euskal erakundeei eta laguntza gizarteari” .