38. Sagardo Eguna

38. Sagardo Egunerako Ernaik antolaturiko karpa guneko egitaraua prest

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 14a, 11:20

Badator 38. Sagardo Eguna! Igandean ospatuko dugun jai egun handiko festa gunea Mikel Laboa plazaraino zabalduko da, Ernai gazte antolakundeak frontoi atzean egokituko duen karpa guneari esker. Musika, mobilizazioak eta jan edana izango da bertan, maiatzaren 19an.

"Bulkada berriok txootx! Maiatzaren 19an Sagardo Eguna ospatuko dugu Usurbilen. Ez galdu Ernaik antolatu duen egun osoko egitaraua!", luzatu du gonbita Ernaik sare sozialen bidez. Talogile solidarioek sukaldaturiko talo goxoak, edatekoa, euskal presoen eskubideen aldeko elkarretaratze eta giza katea, eta kontzertuak antolatu ditu Ernaik.

Euskal presoak etxeratzeko mobilizazioa
Sagardo Egunean herrian falta direnak oroitu eta bizi duten egoera bidegabea salatzeko tartea hartuko da urtero moduan. Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, euskal presoak etxeratzeko mobilizazioa deitu da iganderako 13:00ean, Ernai Usurbilek Mikel Laboa plazan antolatu duen txosna gunean. Elkarretaratzea lehenik, kalejira eta presoen eskubideen aldeko txotx hitzordua borobiltzeko.

Bitartean aipatu moduan, goizetik eguerdi partera arte dastatu ahalko dira Mikel Laboa plazako karpagunean sukaldatuko dituzten taloak. Arratsalde parterako beste bi musika hitzordu: Lendakaris Puerkos eta Dj Jotatxo.

Presoak txotx! txosna gunea
Maiatzak 19, igandea
Tokia: 
Mikel Laboa plaza.

11:00 Txoznaren irekiera.
13:00 Preso eta iheslarien aldeko kalejira eta txotxa.
Preso eta iheslarien aldeko talogileak egongo dira eguerdira arte.
17:00 Lendakaris Puerkos.
Ondoren, Dj Jotatxo.
Antolatzailea: Ernai Usurbil.