38. Sagardo Eguna

Aspaldiko sagardo postu eskaintza zabalenarekin dator igandeko 38. Sagardo Eguna

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 14a, 11:44

Usurbildarren jai egun hondearen atarian gara jada. Atzera kontaketa betean. Igandean ospatuko da 38. Sagardo Eguna! Aspaldiko sagardo postu eskaintza zabalenaz gozatzeko aukera izango da maiatzaren 19an. 41 postu guztira. Egitaraua prest dute.

5 egunen faltan, urteko jaialdi nagusira, Sagardo Egunera begira jarria da Usurbil. Eta antolakuntza, Sagardo Egunaren Lagunak taldekoak prestaketa lan betean. Atzera kontaketa hau gogorarazten digun mezua helarazi dute azken egunotan sare sozialen bidez. Sagardozaleen jaiak badu festa egunerako kartela. "Kaixo lagunok! Bagatoz aurtengoan ere, hartu zuen agendak eta borobildu MAIATZAREN 19a! Urtero legez, lanean gabiltza aurtengo Sagardo Eguna borobil eta zoragarri atera dadin! Hemen aurreratzen dizuegu aurtengo kartela eta egitaraua, Usurbilgo plazan elkartuko gara ezta??? ANIMATU!".

Maiatzaren 19ko Sagardo Eguneko kartela eta egitaraua argitaratu dituzte. Urtero moduan, 11:30etako irekiera ekitaldiaren ostean, gure inguruetan ekoizten den sagardoa dastatzeko aukera izango da bazkal ordura arte, pintxo aukera zabalarekin batera. 3. Egurrezko Sagardoaren Lehiaketako sariak ere banatuko dira. Arratsalde parterako, "Elektro-Patxaranga" taldekoek girotuko dute festa.

38. SAGARDO EGUNA
Maiatzak 19, igandea
11:30 Sagardo Egunaren Irekiera.
Baserriko, "Euskal Sagardoa" Jatorri Izendapen duena eta Gipuzkoako elkarteko sagardoa dastatzeko aukera. Honetaz gain, pintxo aukera zabala.
12:00 Egurrezko Sagardoaren Lehiaketa.
14:30 Sagardo dastaketaren itxiera.
18:00 “Elektro‐Patxaranga” kaleetan zehar.

Antolatzailea: Sagardo Egunaren lagunak.