Udal hauteskundeak 2019

#M26 Luismari Ormaetxea, Aulki Zuriak: “Ordezkatuak sentitzen ez direnen ordezkari izatea da gure helburua"

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 16a, 09:07

Luismari Ormaetxea Aulki Zuriak-eko hautagaiak adierazi digunez, “ordezkatuak sentitzen ez diren herritarrei bozka aukera bat emateko asmoz aurkeztu gara udal hauteskundeetara”.

NOAUA! Egitasmoei heldu aurretik, egizue azken legealdiaren balorazioa. Azken lau urteotako udal kudeaketaren inguruan zer nolako iritzia duzue?

Luismari Ormaetxea. Legealdiaren hasieran, era ponpoxoan, bere asmoak aurkeztu zituen gobernuak. Hogei bat asmo edo proiektu, batzuk jada eginak zeudenak, gainera. Ondoren, udal teknokraziari funtzionatzen utzi zaio; gehienez, kanpo eskakizunei eta udalaz kanpoko agenteei erantzunez joan da; hala nola, hirigintza promotoreen egin nahiak, edota enpresa multzoen garapen asmoei erantzunez. Azpimarratzekoa da bi adibide nagusi hauek ez zeudela gobernuaren legealdi programan.

Hala eta guztiz, bada gai bat bereziki jorratu dutena: komunikazio arloa. Ikusi besterik ez dago komunikazio teknikari bat kontratatu zuela alkateak: Agurtzane Solaberrieta. Gobernuaren hutsune eta gabeziak betetzen lan ugari izan du. 

Solaberrieta EH Bilduren alkategaia izatea ez da kasualitate hutsa, beraz, eta aurreratzen digu hurrengo legealdia nolakoa izan litekeen: propagandaren legealdia.

 

Datozen lau urteei begira, zeintzuk izango dira zure alderdiaren lehentasunak?

Lehentasun argi eta bakarra izango dugu: udal gobernuko alderdietan ordezkatuak sentitzen ez diren herritarren, eta oposizio formalean leudekeen alderdietan islatuak ez dauden herritarren ordezkariak izatea.

 

Krisi ekonomikoaren ondorioz, prekarietatea nagusitu egin da lan arloan. Horretaz gain, jubilatuak eta pentsiodunak hilabetero ari dira elkarretaratzeak egiten. Kezka hauen aurrean, zer egin daiteke udaletxetik?

Lan esparruko prekarietatea krisi finantzarioaren aurrekoa da, ez dezagun ahaztu. Pentsiodunen egoera ere ez da berria. Berria dena da duten antolaketa eta protesta gaitasuna. Zehaztasun hauek eginik, azpimarratu behar da udal txiki baten eragin gaitasuna oso mugatua dela: egiten dituen kontratazioetan prekarietatearen aurkako baldintzak ezartzea; produktu finantzarioak erostean zorrotzago neurtu baldintzak, eta zuhurtziaz negoziatu; larritasunezko behar sozialei aurre egiteko, partida ekonomiko handiagoak finkatu; eta bereziki, udalak duen zorra guztiz desagerrarazi, era horretan, krisi finantzarioa sortu zuten agenteetatik libreago biziko baita herria. Uste dut aurkezten garen alderdi guztiok bat etorriko garela analisi honetan.

 

Errauste-planta kezka iturri handi bat da usurbildar askorentzat. Azpiegitura horren beldur direnei zer esango zeniekete?

Militarismoaren aurrean intsumisioa bultzatu genuenok azken muturreraino eraman genuen gaia. Desobedientziak epaileen aurrera eraman gintuen gutako asko. Altuna alkate jauna kargua betetzeko gaitasunik gabe utzi zuten haren garaian,  armadari soldaduska egiteko zeuden gizonezkoen errolda ez emateagatik. Ez dugu antzeko jarrera tinkorik ezagutu azken aldi honetan gai honekiko kezkaturik daudenen artean. Are gehiago, hainbat eta hainbat herritarrek lan egingo dute azpiegitura horretan. Zergatik ez da bultzatu “lan-intsumisioa”? Itxurakeriaz bizitzeko prest? 

 

Zergatik aurkeztu zara alkategai moduan?

Zerrenda baten lehena naiz, talde baten lehena. Azken legealdian hiru alderdik osatu dute udalbatza; beraz, aniztasun handiegirik ez da izan. Herritar ugari ez dira ordezkatuak sentitu. Gure taldea egoera hori zuzentzeko aurkeztu da. Ordezkatuak sentitzen ez diren herritarrei bozka aukera bat emateko asmoz aurkezten gara. 

Herritar ugari dago, azken lau urteetan jasan dugun gobernatzeko erarekin eta egin den oposizio erarekin, ezinegona eta desadostasuna azalerazteko asmoz. 

 

Alkatetzara iritsiko bazina, zein izango litzateke hartuko zenukeen lehen neurria?

Izan gaitezen errealistak, hori ez da gertatuko. Ez, behintzat, hauteskunde hauetan. Gure taldearen helburua ordezkatuak sentitzen ez direnen ordezkari izatea da; beraz, zinegotzi hautatu moduan egingo dudanlehen protesta ekimena zinegotzi kargua ez hartzea izango da. 

Ondoren,  oposizio arduratsua egitea izango dugu lehentasun. 

 

LABUR-LABUR

Fikziozko serieak bogan dira. Baten bat aholkatuko al zeniguke?

Ez naiz fikziozko serie zalea; halere, aitortu beharra dut “El conquistador del Pacífico”-ko programaren jarraitzaile sutsua naizela.

 

Zein izan da irakurri duzun azken liburua?

Liburu bat baino gehiago batera irakurtzeko joera dut. Azken aldian bi ditut esku artean: Christian Felber-en  La economía del bien común (Deusto Ed.) eta Edgar Allan Poe-ren Misteriozko ipuinak (Elkar).

 

Zein hiritara edota zein tokitara bueltatuko zinateke oporretan?

Oportora. Azken aldian oso denbora gutxi izan nuen hura ezagutzeko, eta leku interesgarri ugari ezagutu gabe geratu zitzaizkidan. Hori dute hiri handiek, leku gehiegi ezagutzeko.

 

Usurbilgo ospakizun guztien artean, zein da gustukoen duzuna?

Dudarik gabe, abuztuaren 16an ospatzen den Roke deunaren eguna. Kalezar auzoan ospatzen da. Jai egun xumea da, bertakoentzat bereziki antolatzen dena, eta herritar asko oporretan herritik kanpo dabiltzanez, burrunba handirik gabe ospatzen duguna; gainera, eduki soziala duen jatorri historikoa du. Kondairak dioenez, Roke deuna, Erdi Aroan, erromes zihoala izurri beltzaz kutsatuta zegoen hiri batean geratu zen, gaitza zutenak zainduz; horretan ari zela gaitzaz kutsatuta hil zen. Kalezarren “ospitale” deritzon etxea dago, done Jakue bidearen adar baten arrastoa, eta dirudienez, bertan  zaintzen zituzten gaixotzen ziren erromesak. Etxe horren alboan zahar-egoitza berria eraikitzekoa da. Gustatuko litzaidake egoitza horrek iraganarekin lotura izatea. Agian, egoitzaren izena berak jaso lezake historia hau guztia.

 

Zerrendak irekiak balira, zure alderdikoa ez den zein politikari aukeratuko zenuke?

Zalantzarik gabe bozka ematera joango nintzateke. Egintza zibikoa da, ondorioz, etxean geratzea ez dago nire aukeren artean. Aulki Zuriak alderdia beste aukerarik ez dutenen alderdia da, hau da, era arduratsuan bozkatzera joaten denena, baina, aukerarik gabe aurkitzean, zuriz bozkatzen dutenena, ondorioz, neuk ere zuriz bozkatuko nuke.