Udal hauteskundeak 2019

#M26 Pascual Plaza, PP: “Udal baliabideen banaketa justuago bat bultzatu nahi dugu"

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 16a, 09:09

"Usurbildarren bizimodua hobetu nahi dudalako eta udal baliabideen banaketa justuago bat nahi dudalako. Eta azkenik, herritar guztiak berdin tratatuak izan daitezen". PPko ordezkariak arrazoi hauengatik aurkeztu du bere burua udal hauteskundeetarako. 

NOAUA! Egitasmoei heldu aurretik, egizue azken legealdiaren balorazioa. Azken lau urteotako udal kudeaketaren inguruan zer nolako iritzia duzue?

(Galdera hau erantzun gabe utzi du Alderdi Popularreko hautagaiak). 

 

Datozen lau urteei begira, zeintzuk izango dira zure alderdiaren lehentasunak?

Pascual Plaza Romo.45 urtetik gorako adinduak lan merkatura batu daitezen saiatu, arlo horretan arazo gehien duen kolektiboa delako. Adinduei bitarteko gehiago eskaini, euren etxeetan bizitzen jarrai dezaten eta bitarteko horiei esker zainduak izan daitezen. Herriko komertzioa ez dadila atzean geratu, zeren gero eta gehiago dira ixtera behartuak sentitzen diren saltokiak. Eta gizon zein emakumeen arteko berdintasuna helburu bat baino gehiago izan dadila.

 

Krisi ekonomikoaren ondorioz, prekarietatea nagusitu egin da lan arloan. Horretaz gain, jubilatuak eta pentsiodunak hilabetero ari dira elkarretaratzeak egiten. Kezka hauen aurrean, zer egin daiteke udaletxetik?

Familiak laguntzea, seme-alaben zaintzarengatik laguntzak bideratuz, edota udal mailako zergetan abantaila fiskalak eskainiz. 

Enpresen txertaketa erraztu nahi dugu: lur sailak edo fiskalitate egokia eskaini, epe luzeko langabetuak eta emakumeak kontratatzearen truke. 

Nagusien kasuan, laguntza ekonomikoak eskaini pentsio txikiak dituztenei, etxeko gastuei aurre egiteko zailtasunak dituztelako. Eta honi lotuta udal zerga batzuk daudenez, ondo legoke zerga horiek gutxitzea edota adindu horiei nolabaiteko abantailak aplikatzea bestela. 

 

Errauste-planta kezka iturri handi bat da usurbildar askorentzat. Azpiegitura horren beldur direnei zer esango zeniekete?

Errausketa-plantak martxan dituzten hirietako adituak izan ditugu Batzar Nagusietan. Eraikitze lanak oztopatu asmoz beldurrarekin jokatu duten horien aurrean, arriskurik ez dutela adierazi digute aditu horiek.

Beste kontu bat aipatu nahi dugu. Ez dugu errausketa-plantaren tamainarekin bat egiten. Gaindimentsionatuta dago, denborak demostratuko duen bezala. Uste dugu Bizkaiak eskuzabaltasun falta ikaragarria erakutsi duela. Ez ditu bere errekurtsoak gurekin partekatu nahi izan, tartean, Zabalgarbiko errausketa-plantaren erabilera.

Eusko Jaurlaritzak ere enpatia falta erakutsi du Gipuzkoarekiko. Foru Aldundiaz zer esan, Bizkaiak eta Eusko Jaurlaritzak azpiratua izan da.

 

Zergatik aurkeztu zara alkategai moduan?

Usurbildarren bizimodua hobetu nahi dudalako eta udal baliabideen banaketa justuago bat nahi dudalako. Eta azkenik, herritar guztiak berdin tratatuak izan daitezen. 

 

Alkatetzara iritsiko bazina, zein izango litzateke hartuko zenukeen lehen neurria?

Auditoria bat, udalaren kontuen berri izateko. 

 

LABUR-LABUR

Fikziozko serieak bogan dira. Baten bat aholkatuko al zeniguke?

“The good doctor”. Sendagile autistaren papera betetzen duen aktoreak lan bikaina egiten du seriean.

 

Zein izan da irakurri duzun azken liburua?

Joël Dicker idazlearen La desaparición de Stephanie Mailer (Alfaguara).

 

Zein hiritara edota zein tokitara bueltatuko zinateke oporretan?

Espainia hegoaldeko eguzki eta hondartzadun edozein tokira.

 

Usurbilgo ospakizun guztien artean, zein da gustukoen duzuna?

-

 

Zerrendak irekiak balira, zure alderdikoa ez den zein politikari aukeratuko zenuke?

Josu Jon Imaz.