Udal hauteskundeak 2019

#M26 Patxi Suarez, PSE-EE: “Legealdiari egonkortasuna emango dion gobernu plural bat lortu nahi dugu"

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 16a, 09:11

"Usurbil herri oparoagoa, irekiagoa eta pluralagoa egiteko konpromiso sozial eta politikoa duen hautagaitza sozialista baten buru" dela adierazi digu Patxi Suarez PSE-EEko hautagaiak.

NOAUA! Egitasmoei heldu aurretik, egizue azken legealdiaren balorazioa. Azken lau urteotako udal kudeaketaren inguruan zer nolako iritzia duzue?

Patxi Suarez Perez. Ez alkateak ezta gobernu-taldeak ere ez dituzte kontuan hartu Usurbilgo Udaleko zinegotzi sozialistak aurkeztutako hamaika ekimenak. Legealdi honetan oso urrats gutxi eman dira bai gizarte-mailan bai Usurbilentzako beharrezkoak diren azpiegituretan —adibidez, Eskola Publikoa—. 

 

Datozen lau urteei begira, zeintzuk izango dira zure alderdiaren lehentasunak?

Usurbilen bizi diren eta lan egiten duten pertsonen bizi-kalitatea hobetuko duten gizarte-politikak. 

Enplegua eta ekonomia-garapena, landa-turismoak ematen dituen ahalmen guztiekin. 

Eskola publikoa eta euskararen erabilera sustatzea, adinagatik edo beste edozein arrazoirengatik hizkuntza ezagutzen ez dutenak baztertu gabe. 

Udalaren komunikazioetan eta ekintzetan elebitasun erreala sustatzea.

 

Krisi ekonomikoaren ondorioz, prekarietatea nagusitu egin da lan arloan. Horretaz gain, jubilatuak eta pentsiodunak hilabetero ari dira elkarretaratzeak egiten. Kezka hauen aurrean, zer egin daiteke udaletxetik?

Udalak kolektibo ahulenentzako —gazteak, emakumeak eta 45 urtetik gorako iraupen luzeko langabeak—  enpleguari lehentasuna eman behar dio, udal-aurrekontuaren ehuneko jakin bat enplegu-programetara bideratuz. 

Jubilatuei eta pentsiodunei dagokienez, beharrak dituztenei arreta berehala emango dieten gizarte-zerbitzu egokiak eskaini beharko dizkie Udalak; gainera, gizarte-larrialdiko laguntzak aurrekontuetan planifikatu beharko ditu eta zahartze aktibo baterako programak sustatu beharko ditu. Toledoko Itunean pentsioen igoera legez finkatzea babestu behar du Udalak.

 

Errauste-planta kezka iturri handi bat da usurbildar askorentzat. Azpiegitura horren beldur direnei zer esango zeniekete?

Erabateko bermea duen azpiegitura da. Biodonostia duela ia bi urte hasi eta 2019ko abenduan amaituko duen azterketa epidemiologikoa egiten ari da, ingurumen-iraunkortasuneko eta osasun publikoko irizpideen aplikazioa bermatzen dela ziurtatzeko.

 

Zergatik aurkeztu zara alkategi moduan?

Usurbil herri oparoagoa, irekiagoa eta pluralagoa egiteko konpromiso sozial eta politikoa duen hautagaitza sozialista baten buru naizelako.

 

Alkatetzara iritsiko bazina, zein izango litzateke hartuko zenukeen lehen neurria?

Enplegua, eta gizarte-mailako eta garapen ekonomikoko politikak lehenetsiko dituen gobernu-programa batekin, legealdiari egonkortasuna emango dion gobernu plural bat lortzea. 

 

LABUR-LABUR

Fikziozko serieak bogan dira. Baten bat aholkatuko al zeniguke?

“El cuento de la criada”. Gaur egun beharrezko distopia baita, gizarte orekatu bat lortzeko, eta ez bueltatzeko ibilitako bidera. Zalantzarik gabe.

 

Zein izan da irakurri duzun azken liburua?

David Torresen Punto de fisión (Algaida) txoruen istorio bat, metaliteratura pixka batekin, oso ondo pasatu dut liburu honekin.

 

Zein hiritara edota zein tokitara bueltatuko zinateke oporretan?

Izugarri gustuko nuke Portugalera joatea, batez ere, Algarvera, nire txikitako oporrak baitziren, eta oroitzapen ederrak datozkit.

 

Usurbilgo ospakizun guztien artean, zein da gustukoen duzuna?

Santixabel jaia oso polita dela iruditzen zait, oso herrikoa delako eta adin guztietako jendearentzako ekintzak antolatzen direlako.

 

Zerrendak irekiak balira, zure alderdikoa ez den zein politikari aukeratuko zenuke?

Ideologia aurrerakoia izango lukeen, gobernu plurala sustatuko lukeen eta Euskadin jasan dugun indarkeria terrorista gaitzesteko arazorik izango ez lukeen norbait.