Udal hauteskundeak 2019

#M26 Josune Urkola, EAJ: “Usurbilek merezi du denbora berriari ateak zabaltzea"

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 16a, 09:13

Alkatetzara iritsiko balitz, "buru-belarri helduko diot Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanak indartzeari eta bultzatzeari”. Josune Urkolaren esanetan, "bi erakunde nagusi hauen parte hartzea ezinbestekoa da Usurbilek aurrez aurre epe motzean dituen  erronkei irtenbidea emateko".

NOAUA! Egitasmoei heldu aurretik, egizue azken legealdiaren balorazioa. Azken lau urteotako udal kudeaketaren inguruan zer nolako iritzia duzue?

Josune Urkola. Adibiderik onena aurrekontuen kudeaketan dugu. Aurrekontuak aurkezten direnean denak hitz politak dira. Gero,  urtean zehar, aurrekontu horien exekuzioa gauzatzerakoan, batez ere inbertsioen partidan, hiru laurden ez dira aurrera eraman. Azken urteko inbertsioen  partida % 21era ere ez da iritsi. Beraz % 79a kaxoi batean dago, geldirik, lo,  proiektuekin batera.  Honek   asko arduratzen gaitu, ikusten baitugu inguruko herriek beste dinamismo bat dutela. 

Bestalde, udaleko pleno askotan proiektuen nondik norakoak eztabaidatu eta partekatu beharrean, mozio politikoekin galtzen dugu denbora eta ahal bada oposizioaren aurka jotzeko.   

Udala ezker abertzalearen eskuetan dago duela ia hiru hamarkada eta nabaritzen da. Usurbilek haize berria eta garbia behar du,  aniztasuna kontuan izango duen haizea aurrera egiteko. Beste adibidea,  bizikidetza arloan dugu.  Gipuzkoako udalerri bakarrenetakoa izango da arlo honetan ezer egin ez duena.  Usurbilek merezi du denbora berriari ateak zabaltzea eta  gure  helburua da herriari behar duen bultzada ematea.

 

Datozen lau urteei begira, zeintzuk izango dira zure alderdiaren lehentasunak?

Gure lehentasuna pertsonak dira. Usurbil ororen duintasuna eta bizi kalitatea bermatzea. Hau egin ahal izateko udalaren esku dauden zerbitzuak denengana iristeko konpromisoa hartzen  dugu. Helburu horiek  gauzatzeko ezinbestekoa da beste erakundeekin lankidetza akordioak egitea bai babes sistema bermatzeko eta baita ere Usurbilek behar dituen inbertsioak gauzatzeko. 

Proiektu berrien atalean, gure herriko ekonomia zein kultura arloko  eta gizarte eragileekin datozen urteetara begira ditugun erronkak partekatu ondoren,  10 puntutan banatzen diren  proposamenak egin eta gure programan jaso  ditugu.  Besteak beste, kirol instalakuntza berria, auzoetako irisgarritasuna hobetzea, herriko sarrera eraberritzea, hondakinen bilketa sistema berrikustea edota  eskola publikoren aldeko apustua berrestea.

 

Krisi ekonomikoaren ondorioz, prekarietatea nagusitu egin da lan arloan. Horretaz gain, jubilatuak eta pentsiodunak hilabetero ari dira elkarretaratzeak egiten. Kezka hauen aurrean, zer egin daiteke udaletxetik?

Denok dakigu gai hauetan udalek ez dutela eskumenik.  Hala ere konpromisoa hartzen dugu udaleko ateak zabalik izango ditugula edozein usurbildarren  egoeraren berri entzuteko eta  dagokion tokira bideratzeko.

 

Errauste-planta kezka iturri handi bat da usurbildar askorentzat. Azpiegitura horren beldur direnei zer esango zeniekete?

Gaia politizatu egin da eta jendeari beldurra sartu zaio. Zubietako eraikina  gipuzkoarrok sortzen ditugun hondakinen tratamendurako  zikloa itxiko duen azpiegitura da. Gipuzkoako Batzar Nagusiek, horrela erabakita, Europako lurralde aurreratuenek bere herri eta  hirietan  zaborrak kudeatzeko duten  eredu bera jarraitu dute, hau da, hondakinak bereiztu, birziklatu, berrerabili eta errefusa punta puntako teknologia duen azpiegitura honetan tratatu energia sortuz.  Europako hainbat hiriburuetan errauste-plantak badaude eta horrek bermatzen du prozeduraren arrisku eza. Dagoeneko Usurbilen badago airearen kalitatea neurtzen duen sistema eta gure helburua da neurketa horiek jarraitzea aire kalitatea mantentzeko eta hobetzeko.     

 

Zergatik aurkeztu zara alkategai moduan?

Gaztetatik gustuko izan dut herrigintza. Badira urte batzuk norberaren konpromisoa adieraziz, herritar guztien artean ausardiaz pausu bat aurrera ematea erabaki nuela, hasieran bigarren mailan aritu izan naiz jardun horietan, baina azken bi legegintzaldietan zinegotzia naiz udalean, eta herriarentzako lanerako gogoa areagotu dit.        

Legealdi honetan berriro proposatu dit EAJ-PNVk zerrendaburu izatea eta ohore handia da niretzat Eusko Alderdi Jeltzalearen alkatetzarako hautagaia izatea Usurbilen. Erronka handia daukat eskuartean, baina, neure taldearekin batera, lana ondo baino hobeto egiteko konpromisoa hartzen dut. 

 

Alkatetzara iritsiko bazina, zein izango litzateke hartuko zenukeen lehen neurria?

Buru-belarri helduko diot  Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanak indartzeari eta bultzatzeari. Bi erakunde nagusi hauen parte hartzea ezinbestekoa da  Usurbilek aurrez aurre  epe motzean dituen  erronkei irtenbidea emateko;  hala nola herriko sarrera birmoldatzeari Aldundiaren eskutik  eta eskola publikoa eraikitzeko  Jaurlaritzarekin, horretarako eman behar diren urratsak gauzatuz.

 

LABUR-LABUR

Fikziozko serieak bogan dira. Baten bat aholkatuko al zeniguke?

Ez ditut serieak ikusten.

 

Zein izan da irakurri duzun azken liburua?

Lars Gustafsson idazlearen Muerte de un apicultor (Nordica).

 

Zein hiritara edota zein tokitara bueltatuko zinateke oporretan?

Parisera.

 

Usurbilgo ospakizun guztien artean, zein da gustukoen duzuna?

Sagardo Eguna. 

 

Zerrendak irekiak balira, zure alderdikoa ez den zein politikari aukeratuko zenuke?

Uxue Barkos.