NOAUA! Egitasmoei heldu aurretik, egizue azken legealdiaren balorazioa. Azken lau urteotako udal kudeaketaren inguruan zer nolako iritzia duzue?
Agurtzane Solaberrieta. Legealdi honetan “geroa da oraina” leloak gidatu du gure udal-jarduna. Baina, ez da eslogan hutsa izan, izan ere, legealdi honetan egin dugun lanari emandako zentzua ondo baino hobeto deskribatzen du: unean unekoari erantzunez, etorkizuneko Usurbil marrazten eta zutarriak sendotzen aritu gara. Lan-ildo askori heldu zaie, baina askotarikoak izanagatik ere, ez dira euren artean isolatuak. Guztien oinarrian herri ikuskera bat dago, iraganetik datorrena eta etorkizunean proiektatzen dena. Eta, nagusiki, azpimarratuko nuke ikuskera hori zehazten, partekatzen eta sozializatzen ahalegindu dela egungo udal-gobernua. Horren erakusgarri dira herritarrekin batera landu diren partaidetza-prozesuak eta horietatik eratorritako planak, besteak beste, honako hauek: HAPOa osatzeko prozesua, Kale Irekiak prozesuak utzitako Mugikortasun Plana, Txirikorda egitasmoa, Kalezarren adinekoentzat eraikiko den auzune berria, Zumarte Musika Eskola, Parekidetasun Plana, Usurbil 0.0 hondakinak kudeatzeko plangintza edota Elkar eta Gureak Usurbilera ekarri izana. Luze joko luke guztiak aipatzea.
Datozen lau urteei begira, zeintzuk izango dira zure alderdiaren lehentasunak?
Lehentasunak asko dira, baina inklusioaren gaiak bereziki kezkatzen nauen gaia da, giltzarria baita herri-kohesioari begira. Jon Maiari irakurri nion duela ez asko, badirela gutxienez bi Euskal Herria oraindik. Nik horixe bera esaten dut sarritan Usurbili buruz ere. Erabat euskal kulturatik kanpo eta euskalduntasunetik kanpo dagoen komunitate bat egon badagoela Usurbilen. Eta horiek ere gure herriaren parte dira. Banderizoak baztertu, eta ñabardurei eta parpaila finei jarri behar diegu arreta. Gaur egun migrazioa gai zentrala da mundu osoan, eta, derrigor, integraziorako politika egokiak garatu behar ditugu. 60. hamarkadan bizi hobeago baten bila Espainiatik etorritako migrazio uholdearekin egindako kudeaketa txarra ezin dugu errepikatu. Oraindik ere garai hartako kudeaketa txarraren ondorioetan bizi gara. Ezin ditugu berriz ere bloke hermetikoak sortu; auzoak gentrifikatu, marjinatu. Usurbilen ere badugu horren arriskurik, esku hartzen ez badugu. Mamuak, estigmak, mehatxuak ahaztu, eta elkar ezagutzeko guneak sortu behar ditugu. Eta dudarik ez dut euskara eta euskal kultura elkarbizitzaren muinean daudela. Mataza zirtzildu beste aukerarik ez dugu.
Krisi ekonomikoaren ondorioz, prekarietatea nagusitu egin da lan arloan. Horretaz gain, jubilatuak eta pentsiodunak hilabetero ari dira elkarretaratzeak egiten. Kezka hauen aurrean, zer egin daiteke udaletxetik?
Krisiak, nagusiki, kolektibo ahulenak kolpatu ditu, eta, dudarik gabe, horien artean gazteak, emakumeak edota pentsiodunak daude. Euskal pentsiodunek aldarrikatzen duten 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren eskaera geure egiten dugu, bidezkoa eta beharrezkoa delako bizi baldintza duinak bermatzeko.
Berriki, Usurbilgo Udalak ikerketa bat egin du 70 urtetik gora izan eta bakarrik bizi diren herritarren egoera zein den aztertzeko. Asteotan jaso dira emaitzak eta informazio hori oso beharrezkoa da epe motzean bideratu beharreko zerbitzu edota ekimenei begira. Jakin badakit Azpeitian, EH Bilduren udal-gobernuak, pentsioak 1.080 euro arte osatzeko laguntza berezia jarri duela abian legealdi honetan. Gure herriko pentsiodunen egoera zein den ezagutu eta, beharrezkoa balitz, halako ekimenen bat abiatzeko aukerak aztertuko ditugu.
Errauste-planta kezka iturri handi bat da usurbildar askorentzat. Azpiegitura horren beldur direnei zer esango zeniekete?
Usurbildar askoren kezka iturri da, eta neurea ere bada. Min ematen dit egunero parez pare dugun Zubietako mendi magal horretan ikusi behar izateak eta laster martxan jarriko dutela jakiteak. Usurbildarrok eta zubietarrok ez dugu halakorik merezi. Ez guk, eta, ez beste inork. Baina ezin dugu etsi. Eredu horren aurrean badagoelako beste eredu bat: Usurbil. Gure herria eredu da, bai Euskal Herrian, bai Euskal Herritik kanpo ere. Usurbildarrok erakusten ari gara posible dela hondakinak beste modu jasangarriago batean kudeatzea, ingurumena eta osasunaren zaintza lehenetsiz eta, gainera, ekonomia zirkularra oinarri. Herri-kontzientzia eta herri-konpromiso horri esker, gaur egun, %85eko gaikako bilketa lortu dugu, eta Usurbil 0.0 programaren helburuei erreparatuz, are bikainagoak izango dira emaitzak. Ondo ari gara eta bide horretan sakondu behar dugu, munstro horri jatekorik ez bidaltzeko. Gure eta gu bezalako beste hainbat herriren emaitzak Gipuzkoa osora zabalduz gero, kitto, bukatuta legoke eztabaida.
Zergatik aurkeztu zara alkategai moduan?
Ez da erabaki erraza izan, inondik inora, baina nik badut lelo bat, Kate Milletek sortua, oso neurea dudana: “Pertsonala dena, politikoa ere bada”. Nire bizi jardunean mamitu den leloa eta praktika izan da, eta lelo horrek zipriztintzen du nire eguneroko jarduna. Nire bizitza garatzeko bidea. Pasioa. Politikoa eta pertsonala bereizi ezinezko adierak dira. Nolako betaurrekoa halako soa. Eta begirada horretatik jardun izan dut, lehenik, Euskal Herrian Euskaraz-en, gazte mugimenduan, Noauan, Berrian gero, ezker independentismoan liberatu, Gure Esku Dago dinamikan... Herrigintzan, hitz batean. Beti konpromiso kolektiboari emana.
Eta ikuspegi berberarekin heltzen diot erronka berri honi ere. Herriarekiko, esan nahi baitut Usurbilekiko eta Euskal Herriarekiko, dudan konpromisoan sakontzeko aukera ematen didalako. Ilusioz, gogoz eta erantzukizunez. Rosa Luxenburg-ek espetxetik idatzitako gutun bateko pasartea ekarri nahi dut gogora: “Ez dugu inoiz ahaztu behar gauza eder txikienarekin eta onenarekin ahalik eta gehien gozatzea”. Hain zuzen, horixe da nire asmoa.
Alkatetzara iritsiko bazina, zein izango litzateke hartuko zenukeen lehen neurria?
Alkatetzara iritsi eta berehala izango dira Santixabelak. Martxoaren 8an herriko emakumeok aukera izan genuen gure bizipenak partekatzeko, eta neska gazteen esanak oraindik buruan ditut zizelka: beldurra dute. Euren gorputzak eraso sexualen aurrean zaurgarri ikusten dute, eta, ondorioz, espazio publikoa arriskutsutzat jotzen dute. Arazo hau festa eremuez haragokoa bada ere, herritar guztiei, eta nagusiki mutil gazte eta gizonezkoei egin nahi diet deia jarrerei eta maskulinitate ereduaz hausnartzera. Bada, ze gizarte ari gara eraikitzen gure herriko neskak ez badira euren herrian bertan libre sentitzen? Beldurra sistema patriarkalak emakumeon autonomia mugatzeko erabiltzen duen beste tresna bat da, eta esan beharrik ez dago askatasuna gure oinarri-oinarrizko eskubidea dela. Beraz, nekez eraiki dezakegu herri kohesionatu bat, emakumeok libre ez bagara. Arazoari parez pare begiratu eta adarretatik heldu nahi diogu hurrengo legealdian, herriko emakumeekin, eta nahi duten guztiekin batera, elkarlanean.
Beraz, izan, bizi, hautatu eta gozatu... LIBRE da nire leloa eta guztion praktika izatea nahiko nuke.
LABUR-LABUR
Fikziozko serieak bogan dira. Baten bat aholkatuko al zeniguke?
Ez, ez baitut ohiturarik ikusteko.
Zein izan da irakurri duzun azken liburua?
Carole Patemanen Kontratu sexuala (Elkar/Jakin). Eta, orain, berriz ekin diot Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa (Susa) irakurtzeari.
Zein hiritara edota zein tokitara bueltatuko zinateke oporretan?
Suitzara, hango paraje ederrak sakonago ezagutzera. Eta Saharara ere itzultzeko gogoz nago, kasu honetan, nire alabekin.
Usurbilgo ospakizun guztien artean, zein da gustukoen duzuna?
Dudarik gabe, Sagardo Eguna.
Zerrendak irekiak balira, zure alderdikoa ez den zein politikari aukeratuko zenuke?
Gure programaren oinarri eta printzipioekin bat egiten duten guztiek dituzte ateak irekiak gurean. Herri-batzarrak du azken hitza.