38. Sagardo Eguna

Euritan abiatu da Sagardo Eguna

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 19a, 14:01

Iragarria zegoen. Hala ere, euriak ez du jaigiroa zapuztu. Imanol Agirretxe futbolariak eman dio hasiera Sagardo Egunari. Botatzaileak lanean dira. Festa bete-betean da.

Pako Agudo ari da aurkezpen lanak egiten eta berak jakinarazi du aurtengo irekiera ekitaldiko protagonistaren izena: Imanol Agirretxe futbolari ohia. Erretiroa iragarri zuen egunetik omenaldi asko jaso ditu. Hala ere, ez da horrelakoetara ohitzen den horietakoa nonbait. Sagardo Eguneko oholtzara igo aurretik urduri samar sumatu dugulako. 

Behin oholtza gainean, labur baina fin aritu da bertaratu direnen aurrean. "Usurbildarrontzat Sagardo Eguna hain berezia izanik, ohore bat da niretzat gaur hemen egotea eta eskerrak eman nahi dizkiet antolatzaileei aukera hau emateagatik". Hitz horiekin hasi du bere hitzalditxoa Agirretxek. Kanpotik lehen aldiz datozenei berriz, egunaz gozatzeko aholkua eman die. "Euriak ez digu batere beldurrik ematen usurbildarroi. Beraz, sagardoarekin gozatu, hau gurea dela, eta ondo pasa. Eman egurra".

Aitor Agirre Orbeldi Dantza Taldeko kideak agurra dantzatu ondoren, antolatzaileek Sagardo Eguneko zapia ipini diote lepoan Agirretxeri. Sagardo botila ireki eta lehen tragoa eman ondoren abiatu da aurtengo Sagardo Eguna. 

Irailean iragarri zuen agurra Imanol Agirretxek. Realean jokatzeari utzi zion baina ez du futbola erabat utzi. Zubietan ari da orain, kadete eta jubenil mailako aurrelariei bere ezagutzak irakasten.