Udal hauteskundeak 2019

#M26 EH Bildu: “Elkarrekin burujabe da gure leloa eta mamia”

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 21a, 17:45

“100dik gora proposamen biltzen ditu gure programak", Usurbilgo EH Bildutik adierazi digutenez. "Eta herri-programa hau elkarrekin egin nahi dugu. Usurbil osatzen duten herri/auzo guztiekin eta herritar ororekin”.

NOAUA! Zeintzuk dira zure koalizioak osatu duen hautes-programaren ildo nagusiak?

Agurtzane Solaberrieta, EH Bildu. Ezer baino lehen garrantzitsua da testuinguruari erreparatzea, izan ere, ez datoz garai errazak.Usurbil dagoen tokian egonda, Donostiatik hain gertu, bi aukeren arteko lehian bizi da: Donostialdean kaiolatu eta praktikan Donostiako auzo bihurtu, edo herri-nortasunari eutsi, izaera propioa zainduz eta indartuz. Guk, noski, bigarrenaren aldeko hautua egiten dugu. Donostiaren neurrigabeko politika espantsionistak gure herri-proiektua urardotu ez dezan, tresna eta egitasmo indartsuak behar ditugu, herri gisa ahaldundu eta gure balore eta izaerari eusteko. Eta, gure herri-programa norabide horretan egin dugu. Hain justu, 2021ean 650 urte beteko dira Usurbil herri burujabe bihurtu zela, eta efemeride historiko hori baliatu nahi izan dugu, datorren legealdian garatuko dugun lanari zentzua eta norabidea emateko. Elkarrekin burujabe da gure leloa eta mamia. Izan ere, guretzat burujabetza ez da esanahi bakarrekoa. Poliedrikoa da. Behetik gora eraikitzen da, herrietatik Euskal Herrirako norabidean, eta, nagusiki, gugandik hasten da. Eta horregatik burujabetza ardatz duten egitasmoak ere sustatu nahi ditugu, izan burujabetza energetikoari lotutakoak, elikadura-burujabetza edota gorputz burujabetza. Gurea zaindu, gurea babestu, eta gurea indartzen edota sustatzen duten proiektuak. 100dik gora proposamen biltzen ditu gure programak. Eta herri-programa hau elkarrekin egin nahi dugu. Usurbil osatzen duten herri/auzo guztiekin eta herritar ororekin. 

Edonola ere, honako bost egitasmo hauek nabarmendu nahi ditut:

 

1) Autobus geltoki berria ezinbestekotzat dugu, mugikortasuna nabarmen hobetzeko. 

Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berridaztearekin batera, legealdi honetan herriko espazio publikoa berrantolatzeko prozesua gauzatu da, eta horren emaitza izan da Mugikortasun Plana. Plan horrek jomuga bat eta bide bat planteatzen ditu, Usurbil jasangarria, irisgarria eta bizigarria lortzeko. 50etik gora ekintza jasotzen dira, eta hurrengo legealdian, ahal direnei bederen, bide ematea dagokigu. Horien artean, edonola ere, ezinbestekotzat ditugu Ostapeko sarrerako biribilgunea eta autobus-geltoki berria. Biak ala biak eskutik lotuta doaz, eta biak ala biak dira estrategikoak gure herriaren mugikortasuna nabarmen hobetzeko, eta, horrekin batera, garraio publikoa indartzeko.

 

2) Emakumeen Etxea sortuko dugu, emakumeon ahalduntzea sustatzeko.

Parekidetasuna helburu ez ezik, zehar-lerrotzat du EHBilduk, izan ere, ikuspegi feministak udal-politika oro blaitu behar du. Hurrengo legealdian emakumeontzat toki erreferentziala izango dena sortuko dugu: Emakumeon Etxea. Berdintasunaren bidean aurrera egiteko ideiak, indarrak, proiektuak eta borrokak batzeko topagunea, eta herriko emakumeok, elkarteak eta talde feministak elkartzeko espazioa. Udal-eraikin bat jarriko dugu proiektu honen zerbitzura, eta parte hartzeko prozesu bat abiatuko dugu gune berri horren izaera, espazioaren antolamendua eta funtzionamendua emakumeon artean eztabaidatu eta adosteko.

 

3) Txirikorda egitasmoa, etxebizitza eta zaintza-eredu berri baten oinarri.

Emantzipatu nahian dauden gazteei eta bakarrik bizi diren adinekoei soluzio bat emateko, Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren proiektua sortu da legealdi honetan. Txirikorda, beraz, herriko gazteek eta adinekoek partekatuko duten bizigune bat izango da. Etxebizitzaren arazoari beste perspektiba batez begiratu, eta lau pareta dituen eraikin bat eraikitzeaz harago, bestelako balio eta ezaugarri batzuetan zimendutako bizigune bat izango da, harremanak, auzolana, elkarren arteko zaintza, izaera komunitarioa, autonomia, parte-hartzea eta ahalduntzea gisako balioak txirikordatuko dituen espazio publikoa, hain zuzen ere. Proiektu hau, gainera, alokairura bideratutako etxebizitzen parkea handitzeko oinarria izan daiteke, Txirikordako adineko erabiltzaileen jabetzako etxeak alokairura bideratzeko saiakera egingo dugu-eta.

 

4) Udala eta auzoen arteko harremana iraunkortzeko tresnak garatuko ditugu. 

Auzo/herri guztien Usurbil sendotu nahi dugu, denok eroso eta gustura senti gaitezen gure udalerrian. Izan ere, gure udalerria plurala eta aberatsa da, eta auzo/herriek garrantzi berezia hartzen dute. Tresna eta antolaketa egokiak behar ditugu, batetik, gure herriaren izaera aberatsari eusteko eta, bestetik, auzo/herriek ahots propioz eta modu iraunkorrean aritzeko udal-jardunean. Horrek, ezinbestean, udala eta auzoen arteko harremana artikulatzea eta arintzea eskatzen digu. Ez da erronka makala, baina gaiari adarretatik heldu, eta, behetik gora eraginez, auzo/herri guztiekin batera bide horretan aurrera egingo dugu. Bestetik, auzoen bizi kalitatea hobetzeko, puntu beltzei soluzioa eman eta auzoen arteko garraio publikoa ezartzeko aukera aztertuko dugu.

 

5) Kolore anitzeko herria.

Aniztasuna gizatasunaren aberastasun ikaragarria da, eta, ondorioz, aniztasunak Usurbil kohesionatzeko eta eraikitzeko elementu bilakatu behar du. Gaur egun, ia 40 jatorri ezberdin ditugu Usurbilen, eta datu horrek erakusten du zer-nolako aberastasun kulturala dugun. Ondorioz, inklusioa eta euskara ardatz, aniztasuna ikuspegi integralez kudeatzeko plangintza oso bat lantzeko konpromisoa hartzen dugu, elkarren ezagutzan eta elkarren aitortzan oinarritutako politikak garatzeko, kohesio soziala eta elkarbizitza helburu. Egitasmo horrek Santuenean izango du abiapuntua. 

 

Udal zerrenda

1. Agurtzane Solaberrieta Mesa.

2. Beñat Larrañaga Urdampilleta.

3. Lur Etxeberria Gurrutxaga.

4. Jose Maria Iribar Zapirain.

5. Aroa Etxeburua Ugartemendia.

6. Luken Arkarazo Silva.

7. Oskar Santamaria Picabea.

8. Itziar Basterrika Unanue.

9. Ainhoa Arrozpide Landa.

10. Nerea Goizueta Garmendia.

11. M. Alazne Olaizola Iparragirre.

12. Ana Isabel Eizagirre Sagardia.

13. Xabier Arregi Iparragirre.

 

Ordezkoak:

1. Fatimetou Hamadi Rguebi.

2. Eugenio Noriega Diez.

3. Isidra Navarro Del Amo.

4. Xuban Zubiria Elexpe.