NOAUA! Zeintzuk dira zure alderdiak osatu duen hautes-programaren ildo nagusiak?
Josune Urkola, EAJ-PNV. Bat eginik denontzako Usurbil eraikiko dugu.
Usurbilen etorkizuna denon artean eraikitzeko konpromezua hartzen duen taldea burutzen dut eta usurbildar guztien ongizatearen eta bizi kalitatearen alde lan egiteko helburuarekin aurkezten gara.
Gure herriarekiko maitasunak, lanerako ahalmenak, ilusioak eta gogoak batzen gaitu, denontzako Usurbil bat eraikitzeko gogoak. Horretarako gure herriko ekonomia zein kultura arloko eta gizarte eragileekin datorren urteetara begira izango ditugun erronkak kontrastatzen ibili gara eta lan horren emaitzak hamar puntu hauetan bildu ditugu. Hitz jario hutsak baina haratago, ekimen konkretuak eta zehatzak dira herri bezala aurrera joateko eta lehiakorra izateko.
Gure taldearentzat hauek izango dira udaletxeko mahai gainean lehentasun osoa izango duten gaiak. Usurbildarrekin, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin bat eginik, elkarlanean, biharko Usurbil eraikitzeko prest gaude.
1- Usurbilgo sarrera nagusia berrantolatu.
Donostiatik datorren N-634 errepideko Usurbilgo sarrera eraberrituko dugu biribilgune batekin, herri barruko trafikoa mantsotuz eta Atallu industrialdera bizikletaz zein oinez joateko bidea garatuz, oinezkoei lehentasuna emanez eta Lasartera joango litzatekeen bidegorriarekin lotura eginez.
2- Euskal eskola publikoarentzat zorua jarri.
Gure herriak eskola publikoa izan dezan Eusko Jaurlaritzarekin elkarlana bultzatuko dugu eta lurzorua jarriko dugu. Egun Jaurlaritzako Hezkuntza Saila 2019-2022 aldirako inbertsio-planaren diseinua egiten ari da eta udalak lur-sail bat jarri behar du ikastetxe bat eraikitzeko prozedurak hasteko.
3- Jarduera ekonomikoa bultzatu.
Enpresen eta merkatarien egoera eta kezkak ezagutu eta gertutasunetik bideratuko ditugu, herriko ekonomia suspertzeko eragile bilakatuz eta hutsik dauden eremuak berriro erabiltzeko modua eginez. Usurbilgo Udala bide-lagun bihurtuko dugu industria eta merkataritza proiektuak gauzatu daitezen.
4- Auzoetako irisgarritasuna hobetu.
Usurbil herri aldapatsua da eta Kaxkotik gertu dauden auzoetan, (Etxealdia edo Kalezar) irisgarritasun arloan ditugun gabeziak aztertu eta lehentasunak jarriko ditugu eta datozen lau urteetan proiektuak garatzeko beharrezko izango diren hitzarmenak sinatuko ditugu.
5- Kirol instalazio gabeziari erantzun.
Hainbat klubek egiten duten lana eta dagoen eskaria kontutan hartuta erantzun eraginkor bat landuko dugu. Horretarako instalazio estali bat eraikiko dugu egungo kiroldegi ondoko Zelai Txiki futbol pareko enparantza borobilean, edota ikastola aurreko Gernika ibilbideko eremuan.
6- Hondakinen kudeaketa berrikusi.
Usurbil aitzindari izan da hondakinen bilketan. 11 urte igaro ondoren sistema berraztertu egingo dugu, gabeziak aitortu eta modu eraginkor eta merkeagoak proposatu, izan ere egungo sistemak urtero 250.000 euro baino gehiagoko zuloa sortzen digu guztionak diren udal aurrekontuetan.
7- Auzoak bertaratu.
Beste ezaugarrietako bat auzo asko dituela da: Aginaga, Txokoalde, Santuenea, San Esteban, Kalezar eta Zubieta, batzuk herri ingurunetik urruti ere bai. Hau konpontzeko herri barruko garraioa bultzatuko dugu.
8- Puntu beltzak landu eta irtenbidea eman.
Jakitun gara gure herriak dituen puntu beltzetaz, hala nola, Troia, Txokoalde, Etxealdia edota Santueneko zubia. Beharrezkoa deritzogu puntu hauei guztiei irtenbidea aurkitzea eta horretarako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin plangintza adostu eta bateratu bat gauzatuko dugu.
9- Landa eremuetakoen bizi kalitatea hobetu.
Landa eremuetako bizi kalitatea bermatuko dugu, baserritarrekin elkarlanean baserri-bideen egoera aztertu eta berritzeko egoeran daudenak berritzeko plangintza egingo dugu. Zelaien eta gune berdeen mantentze programak ere bultzatuko ditugu.
10- Bizikidetza landu.
Usurbildarron arteko elkarbizitza eta memoria landuko dugu. Horretarako Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen dituen laguntzak erabiliko ditugu ekimenak gauzatzeko. Arrazoi politiko bat bera ere ezin da etikaren eta giza eskubideen errespetuaren oinarrizko printzipioen gainetik jarri.
Udal zerrenda
1. Josune Urkola Larrarte.
2. Mirari Azurmendi Sorazu.
3. Carlos Perez Fraisoli.
4. Andoni Atxega San Sebastian.
5. Lourdes Jauregiberri Goenaga.
6. Agurtzane Egibar Artola.
7. M. Jose Ibargoyen Lizarazu.
8. Juan Maria Zubeldia Arrieta.
9. Jose Maria Zubiria Eguzkiza.
10. Juan Gorostidi Echeverria.
11. Esteban Goenaga Otegi.
12. Miren Elisabet Ecenarro Ganzarain.
13. Joseba Iñaki Illarramendi Echabe.
Ordezkoak:
1. Fernando Arrieta Olasagasti.