Udal hauteskundeak 2019

#M26 Aulki Zuriak: “Herritarrek eserleku bat hutsik uzteko eskubidea dutela defendatzen dugu”

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 21a, 17:40

"Hau da gure proposamena: aukerarik aurkitzen ez dutenen aukera izatea; aukera eraginkorra". Aulki Zuriak taldekoek adierazi digutenez, "herritarrek eserleku bat hutsik uzteko eskubidea dutela defendatzen dugu".

NOAUA! Zeintzuk dira zure taldeak osatu duen hautes-programaren ildo nagusiak?

Luismari Ormaetxea, Aulki Zuriak. Herritarrei proposatzen dieguna berezia da. Guztiz aldentzen da beste alderdiek egiten dituzten promesa sortengandik. 

Pertsona guztiek bozkatzeko eskubidea dute; baina, bozka guztiek ez dute berdin balio. Alderdi politiko nagusietan ordezkatuak sentitzen ez diren herritarrak behartuta daude bozka zuria bozkatzera edo baliogabea aukeratzera, bozkatu gabe geratzera, edota guztiz gogoko ez duten zerbait bozkatzera; beraz, euren aukera inoiz ez da udaletxetan islatua izaten. Ondorioz, betiko alderdi nagusiek, Hauteskunde Legeaz baliaturik, eserleku guztiak –eta diru guztiak– banatzen dituzte euren artean. 

Gure hauteskunde programa lerro batean laburtzen da: “Lortuko diren eserlekuak libre uztea, edozein soldata zein diru sarrerei uko eginez”. Herritarrek eserleku bat hutsik uzteko eskubidea dutela defendatzen dugu; beraz, eserleku horrek ez zaie euro bakar bat bera ere kostatu behar herritarrei. Legealdi osoan zehar eserlekuak libre geratuko dira. Ondorioz, legez eta araudiz dagozkigun ordainsari guztiak jasotzeari uko egiten diegu.

 Konpromiso hori lotu nahirik, Aulki Zuriak–Escaños en Blanco-ko zerrendaburuek, notario baten aurrean, adierazi eta sinatu dute lortuko dituzten eserlekuak libre utziko dituztela. Notario baten aurrean hori egiten duen alderdi bakarra da. Gure hitza beteko dugunaren adierazgarri.

Aulki Zuriak bozkatzea era zintzoena delakoan gaude. Batez ere, norberaren pentsatzeko era jasotzen ez duten beste proposamenei bozka eman edo ez zalantzan baldin badago. Guk, gure hitza hasiera hasieratik beteko dugu: esan eta egin. Gure hauteskunde programa bere osotasunean beteko dugula baieztatzen dugu; ozenki. 

Luismari Ormaetxeak, Aulki Zuriak alderdiko zerrendaburua denez, bere eserlekua libre utziko du. Era  horretan, libre uzten den eserleku horrek baztertuak sentitzen direnen, ahaztuak sentitzen direnen, edota herri politikarekiko frustratuak sentitzen direnen adierazgarri izango da. Udal bilkurak egiten diren bakoitzean, beste alderdiek hori guztia izango dute aurrez aurre.

 

Hori da gure eskaintza nagusia. Ondorio batzuk dituen eskaintza:

Nagusiena, gehiengo osoak osatzea zailtzen direla. Bozka gehien lortzen dituzten alderdiak izango dira kaltetuenak eserlekuak libre geratzen badira. Hauteskunde Legea aplikatuz lortuko lituzketen zinegotzi kopurua baino gutxiago lortuko baitituzte. Ondorioz, diru sarrera gutxiago izango dituzte, eta udalari merkeago ateratzen zaio politikoak mantentzea. 

Bestetik, Aulki Zuriak udalean lortzen duen presentzia sistema politikoaren kalitate demokratikoa neurtzen du. Geratzen diren eserleku libreak ohiko alderdi nagusiek ordezkatzen ez dituzten herritarrenak baitira.

Azkenik, gehiengo osorik ezean, kontsentsuak bilatzera behartzen ditu alderdiak. Horrek, berez, suposatzen du hartzen diren erabakiak babes gehiago izango dutela herritarren artean. 

Hauxe da Aulki Zuriak-en proposamena: aukerarik aurkitzen ez dutenen aukera izatea; aukera eraginkorra.

 

Udal zerrenda

1. Luis Maria Ormaetxea  Santsiñena*.

2. Maria Cruz Pascual Sanchez.

3. Pedro Maria Ibarra Iraculi*.

4. Esther De Juan Mangas*.

5. Aitor Picabea Lamuedra*.

6. Maria Pilar Casabona Blasco*.

7. Antonio Picabea Sarasola*.

8. Elizabeth Martinez Sanchez*.

9. Andoni Picabea Lamuedra*.

10. Maria Asuncion Lopez Miguel*.

11. Jose Manuel Roteta Echeverria*.

12. Lucia Moreno Diez*.

13. Antonio Garcia Castellon*.

 

* Independente moduan.