#M26 Mahaikideen bilera gaur eta posta bidez bozkatzeko epea ixtear

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 23a, 10:21

Hauteskunde kanpaina amaitzear den honetan, ate joka ditugu maiatzaren 26ko udal, foru eta Europako hauteskundeen eguna. Zubietan baita Herri Batzarra berritzeko bozketa eguna. Adi, igandera begirako azken deialdiei; ostiralean itxiko da posta bidez bozkatzeko epea. Aurretik, ostegun honetan informazio bilera deitu du Usurbilgo Udalak, hilaren 26an mahaietan lan egitea egokitu zaien herritarrekin.

Mahaikideentzako bilera
Maiatzaren 26ko udal, foru eta Europako hauteskunde egunez osatuko diren botoa emateko mahaietarako 72 herritar hautatu ziren, apirilaren 30ean egin zen osoko ohiko bilkuran. Mahaikide izatea egokitu zaizuenontzako, ohi bezala, informazio bilera deitu da udaletxean, maiatzaren 23an, 19:30etan. Mahaikideok jaso duzuen eskuliburua bilerara eramatea eskatzen da. 

Maiatzaren 24an, posta bidez bozkatzeko azken aukera
Adi, Hauteskunde Batzorde Zentralak bi egunez luzatu ostean, ostiral honetan amaituko da, maiatzaren 26ko hauteskundeetarako posta bidez bozkatzeko epea. 14:00ak baino lehen gerturatu Correosera, modu honetan bozkatzea eskatu baduzu, egunotan jasoko zenuen dokumentazioarekin.

Bozka lekuak eta ordutegiak maiatzaren 26an
Udal, foru eta Europako hauteskundeak
Ordutegia: 
9:00-20:00.
Hauteslekuak: 
Kaxkoan Udarregi Ikastola, Haur Eskola Kalezarren, Lanbide Eskola Zubietan (Usurbil aldean bizi direnentzat. Donostia aldekoek Zubietako Eskola Txikian bozkatu beharko dute), Santuenea Auzo Elkartea eta Aginagako Eskola. Norbera non dagoen erroldatua, hautesleku batean edo bestean bozkatu beharko du. Ez ahaztu nortasun agiria eramatea.

Zubietako Herri Batzarreko hauteskundeak
Ordutegia: 
9:00-20:00.
Tokia: Alamandegi etxea.