Bera Berako txapeldun Estitxu Berasategik eta Esther Arrojeriak emango diete hasiera Usurbilgo jaiei

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 23a, 14:30

Herriak erabaki du jada! Aurtengoan, Erregina Kopa irabazi berri duten Bera Bera eskubaloi taldeko herriko bi jokalariek, Esther Arrojeriak eta Estitxu Berasategik piztuko dute ekainaren 28an Santixabelak abiaraziko dituen suziria. Irati Azkue oriotarrak diseinaturiko egitarauak emango digu bestalde, festen berri.

Usurbilgo Jai Batzordeak, besteak beste, Potxoenean, Kiroldegian edota Artzabalen txupinazorako hautagaiak aukeratzeko jarritako kaxetan 77 bozka bildu dira eta 43 izen ezberdin. Aipatu moduan, azkenean Bera Bera eskubaloi taldeko Kalezarko eta Zubietako jokalariak izan dira hautatuak; Esther Arrojeria eta Estitxu Berasategi hurrenez hurren. Ondoko argazkian dituzue bi jokalariak Bera Berako gainerako kideekin batera: Estitxu jokalari ilara luzeenean, eskuinetik zenbatzen hasita laugarrena. Esther makurtua dagoen ilaran, ezkerretik zenbatzen hasita hirugarrena. Zorionak!

Ekainaren 28an emango zaie hasiera Usurbilgo jaiei. Udaletxeko balkoian ikusiko ditugu honenbestez, Arrojeria eta Berasategi. Iazko gaztaingile solidario taldeko kideen lekukoa hartuko dute. Jai Batzordeak asteazkenean Potxoenean eginiko bilera irekian herritarren proposamenak aintzakotzat hartuta hautatu zituzten, festen hasiera girotzeko bi eskubaloi jokalariak. "Jai Batzordeak herriko emakume kirolarien ibilbidea, lana, konpromisoa eta esfortzua txalotu eta omendu nahi izan ditu, emakumeon kirolari ikusgarritasuna ematearekin batera". 

Nabarmentzekoa da bestalde, txupinazorako hautagaiak aukeratzeko herritarren artean egiten den deialdi irekiak duen arrakasta. Urtez urte hazten doa ekimen honen parte hartzea.

Irati Azkueren diseinua izango du jai egitarauak
Ekainaren 28tik uztailaren 2ra ospatuko diren Usurbilgo jaietako egitarauak badu jada irabazlerik; Irati Azkue Orioko alaba. Hala erabaki zuen txapelketako epaimahaiak astelehenean egin zuen bilkurak. 500 euroko saria irabazi du eta aipatu moduan, Azkuek diseinatutako egitarauak emango digu aurten, Usurbilgo festen berri. Aldaketarik ez bada, jaiak hasi aurreko ekainaren 21eko asteburuan banatuko du Udalak etxez etxe.