Udal hauteskundeak 2019

#M26 Non eta noiz bozkatu, hauteskunde egun honetarako jakin beharrekoak

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 26a, 09:04

Udal, foru eta Europako hauteskundeetan hitza hartzeko eguna heldu da. Zubietarren kasuan, Herri Batzarra berritzeko bozketa eguna izango dute baita igande honetan. Hauteslekuak zabalik dira jada. 

Maiatzaren 26an hiru deialdi izango ditugu; udal, foru eta Europako hauteskundeak. Zubietarrek lau, Herri Batzarra berritzeko aukera ere izango baitute. Ez ahaztu bozkatzera zoaztenean zuen burua idenfitikatzeko nortasun agiria eramateaz. Bozka paperak aurrez eskuratu ez badituzue, hauteslekuan bertan hartu ahal izango dituzue. Hortik aurrera, gogoan izan, 9:00-20:00 artean izango duzue hauteskundeotan parte hartzeko aukera, dagokizuen mahaian. Guztira udal, foru eta Europako hauteskundeetarako 8 hautesleku (+1 Zubietan), eta Zubietako Herri Batzarra berritzeko beste bat egokituko dira.

20:00etan hauteslekuak itxi eta bozken zenbaketa hasiko da. Emaitzen berri, NOAUA!ren web orrialde honetan bertan eta sare sozialen bidez jasoko duzue.

#M26 HAUTESKUNDE EGUNA

Maiatzaren 26ko hitzorduak
8:00 
Hauteslekuetan egon beharko dute, mahaietan lan egitea egokitu zaien herritarrek. Bozketa gunea prestatu beharko dute.
9:00 Hauteslekuen irekiera.
9:00-20:00 Bozkatzeko epea. Hiru deialdi (Zubietan 4):
-Urdin argi kolorekoak izango dira Europako hauteskundeetako bozka-paper eta gutun-azalak.
-Zuriak udal hauteskundeetakoak.
-Sepia kolorekoak foru hauteskundeetakoak.
Egunean zehar, hauteskundeotako parte hartze datuak emango dira ezagutzera.
20:00 Hauteslekuen itxiera eta bozken zenbaketa.

Udal, foru eta Europako hauteskundeak
Ordutegia: 
9:00-20:00.
Hauteslekuak: Kaxkoan Udarregi Ikastola, Haur Eskola Kalezarren, Lanbide Eskola Zubietan (Usurbil aldean bizi direnentzat. Donostia aldekoek Zubietako Eskola Txikian bozkatu beharko dute), Santuenea Auzo Elkartea eta Aginagako Eskola. Norbera non dagoen erroldatua, hautesleku batean edo bestean bozkatu beharko du. Ez ahaztu nortasun agiria eramatea.
Egongo diren hautetsontzi kopurua: 3.
Bozkatu ahalko dena:
-Usurbilgo Udal hauteskundeetara aurkeztu diren bost hautagai zerrendetako bat.
-Gipuzkoako foru hauteskundeetara aurkeztu diren zazpi hautagai zerrendako bat.
-Europako hauteskundeetara aurkeztu diren 32 hautagai zerrendetako bat.

Zubietako Herri Batzarreko hauteskundeak
Ordutegia: 
9:00-20:00.
Tokia: Alamandegi etxea.
Hautetsontzi kopurua: 1.
Bozkatu ahalko dena:
-Usurbil aldeko zubietarrek hauteskundeotarako aurkeztu diren bi hautagaietako bat hautatu ahalko dute.
-Donostia aldeko zubietarrek hauteskundeotara aurkeztu diren hiru hautagaietako bat hautatu ahalko dute.