Udal hauteskundeak 2019

[Balorazioak] EAJ-PNV: "Jasotako babesak usurbildar guztion aldeko lanean indarberritzen gaitu”

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 27a, 17:09

Lau zinegotziak: Carlos Perez, Mirari Azurmendi, Josune Urkola eta Andoni Atxega.

Josune Urkolak Agurtzane Solaberrieta zoriondu du eta legealdi berrian EAJ-PNVko "lau zinegotziok buru-belarri arituko gara herria hobetzeko ekimenak bultzatzen”. 

EAJ-PNVko udal taldeak bere esker ona adierazi nahi du taldeari eta aurkeztu duten programari herritarrek eskaini dieten babesarengatik.

“Lehenik eta behin zorionak Agurtzane Solaberrietari", Josune Urkolaren lehen hitzak beraz EH Bilduko hautagaia zoriontzeko izan dira. EAJ-PNVk 864 boto jaso ditu udal hauteskundeetan eta babes horrek "datozen lau urteetan lanean aritzeko indarberritzen gaitu”. Josune Urkolak adierazi digunez, "gure helburua aurkeztu dugun programa betetzeko ahaleginak egitea izango da horretarako beharrezkoak izango diren akordioetara heltzeko borondatearekin”.

 

"Akordio partekatuetara heltzeko prest izango gara"

Ildo horretan, Usurbilgo zerrendaburu jeltzaleak honokoa aurreratu du: “norberaren ideologia baino haratago, usurbildar guztion ongizatea bermatzea izango da gure jomuga. Guztion artean, udaletik hasi eta beste erakundeekin batera, proposamenak landu eta akordio partekatuetara heltzeko prest izango gara. Konbentziturik gaude hau dela usurbildarrak bere botoekin eman diguten agindua”.