Udal hauteskundeak 2019

[Balorazioak] Aulki Zuriak: “244 pertsonek euren desadostasuna azaldu dute”

Noaua Aldizkaria 2019ko mai. 28a, 09:58

Luismari Ormaetxeak bozetan parte hartu duten herritar guztiak zoriondu nahi ditu, “beren ahaleginarekin demokrazia sendoago bat osatzen baita”. Zinegotzi-eserlekuak lortu dituzten alderdientzat berriz, eskaera bat du: “herritar guzti-guztientzat lan egin dezatela. Euren ahaleginak eta indarrak horretan ipini dezatela espero dut”.

Ormaetxearen esanetan, Aulki Zuriak alderdiaren erronka ez zen erraza; “batetik, alderdi berria delako; eta bestetik, ezohiko mezua dakarrelako usurbildarrentzat. 80 bozka gehiago izan bagenitu zinegotzi-eserleku bat lortu ahal genuen. EH Bilduren kaltetan izango zen”. 

 

Hautesle kritikoak, %8

Aulki Zuriak lortu dituen botoei “gehituko bagenie hauteskunde legearen baitan baztertuak izan diren 117 bozka zuriak, guztira, 244 bozka kopurua osatuko lukete; hau da, 244 pertsonek euren desadostasuna azaldu dute beste alderdiek aurkeztu dituzten programei eta hautagaiei. Hautesle kritiko horiek bozka eman duten %8a osatzen dute. Ez da gutxi”.

Aulki Zuriak-eko zerrendaburuarentzat, euren mezua zabaldua izana da garrantzitsuena. “Herritarrek ezagutu gaituzte jada”.