Maiatzaren 26ko hauteskunde egunaz geroztik, eta kide berrien kargu hartze egunera arte, funtzioetan izango dira udalbatza osatzen duten egungo alkate eta zinegotziak. Ezingo dute osoko bilkuran hartu ohi dituzten erabaki gehiago hartu, legeak hala agintzen baitie. Horregatik hauteskunde egunaren bezperetara aurreratu zuten izatez astearte honetan egitea egokitzen den udalbatzaren osoko bilkura. Pleno gehiago ez da izango udalbatza berria osatu eta 2019-23 legealdia abiatu artean. Baina hainbat batzordeetako aktak onartzeko aukera dutenez, pleno formatua izango ez duen azken saio bat deituko dute hilaren 23ko plenoan berri eman zutenez, alkate eta zinegotzi berrien kargu hartze ekitaldiaren bezperatan. Hemen beraz datozen deialdiak:
-Ekainak 12, 18:00 Batzordeetako aktak onartzeko azken saioa.
-Ekainak 15: udalbatza berria osatu eta alkate zein zinegotzien kargu hartze ekitaldia.
Gainerako erakundeak berritzeko ekitaldien egutegia:
-Ekaineko bigarren hamabostaldia: Gipuzkoako Batzar Nagusiak.
-Uztailak 2: Europako Parlamentua.
-Zubietako Herri Batzarreko hautagai berrien kargu hartze eguna zehazteke dago.
EHBilduko 8 ordezkari, EAJ-ko 4 eta PSE-ko bat udalbatza berrian
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeak eskutan, EH Bilduren izenean, hauek izango dira zinegotzi kargua eskuratu duten hautagaiak: Agurtzane Solaberrieta Mesa, Beñat Larrañaga Urdanpilleta, Lur Etxeberria Gurrutxaga, Joxe Mari Iribar Zapirain, Aroa Etxaburua Ugartemendia, Luken Arkarazo Silva, Oxkar Santamaria Pikabea eta Itziar Basterrika Unanue.
Lau zinegotzi hauek ordezkatuko dute EAJ-PNV alderdia: Josune Urkola Larrarte, Mirari Azurmendi Sorazu, Carlos Perez Frisoli eta Andoni Atxega San Sebastian.
PSE-EE alderdiak aurretik zuen zinegotzi kargua mantenduko du. Patxi Suarez Perez izango da Usurbilgo udal zinegotzia.
Egungo udal ordezkari gehienak badoaz
Bistan denez, maiatzaren 26ko udal hauteskundeetatik sortuko den udalbatzako kide gehienak berriak izango dira. 2015-19 legealdian udalbatza osatu duten 13 kideetatik erdiak baino gehiagok utziko dio laster udal ordezkari izateari. EHBilduko 8 kideek, EAJ-ko 4 kideek eta PSE-ko batek osatu dute udalbatza amaitzear den 2015-19 legealdian. PSE-ko bozeramailea izan da Fermin Orue-Echevarria Iturri. Francisco Jose Suarez Perezek hartuko du berak utzitako lekua.
EAJ-n aldaketarik ez. Azken lau urteotan bezala, Legealdi berrian ere, Josune Urkola Larrartek, Mirari Azurmendi Sorazuk, Andoni Atxega San Sebastianek eta Carlos Perez Fraisolik ordezkatuko dute EAJ Usurbilgo udalbatzan.
Berrikuntza sakonena sustatuko duena EHBildu izango da. Egungo legealditik Jose Mari Iribar Zapiain zinegotzia izango da legealdi berrian karguan mantenduko den koalizioko kide bakarra.
Koalizioak egun dituen gainerako zazpi udal ordezkariek hautagaitza zerrendako lehen postuetan ez ziren aurkeztu maiatzaren 26ko udal hauteskundeotara. Xabier Arregi Iparragirrek alkate izateari utziko dio, eta zinegotzi izateari utziko diote baita, Alaitz Aizpurua Labakak, Xuban Zubiria Elexpek, Jone Urdanpilleta Urdanpilletak, Iñaki Ugarte Agirrek, Irene Garcia Palaciosek, eta Josune Estella Arranzek.