Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen emaitzak usurbildarron erakunde nagusian islatzeko garaia heldu da. Larunbatean izango da, udalbatza berria osatzeko ekitaldia. 12:00etan, nola ez, Usurbilgo Udaleko pleno aretoan.
Bertan izango dira noski, 2019-23 legealdirako kargua hartuko duten alkatea eta 12 zinegotziak. 8 EHBildukoak izango dira: Agurtzane Solaberrieta Mesa (alkate berria), Beñat Larrañaga Urdanpilleta, Lur Etxeberria Gurrutxaga, Joxe Mari Iribar Zapirain, Aroa Etxeburua Ugartemendia, Luken Arkarazo Silva, Oxkar Santamaria Pikabea eta Itziar Basterrika Unanue. Lau EAJ-PNV-koak: Josune Urkola Larrarte, Mirari Azurmendi Sorazu, Carlos Perez Frisoli eta Andoni Atxega San Sebastian. PSE-k ordezkari bakarra izango du, Patxi Suarez Perez.
8 udal ordezkari berri
Bistan denez, izen berriak ditugu udalbatza osatuko duten kideen artean. Azken lau urteotan alkate eta zinegotzi izan diren hainbatek udal ordezkari izateari utziko baitio. 2015-19 legealdian udalbatza osatu duten 13 kideetatik erdiak baino gehiagok utziko dio laster udal ordezkari izateari. EHBilduko 8 kideek, EAJ-ko 4 kideek eta PSE-ko batek osatu dute udalbatza amaitzear den 2015-19 legealdian. PSE-ko bozeramailea izan da Fermin Orue-Echevarria Iturri. Francisco Jose Suarez Perezek hartuko du berak utzitako lekua.
EAJ-n aldaketarik ez. Azken lau urteotan bezala, Legealdi berrian ere, Josune Urkola Larrartek, Mirari Azurmendi Sorazuk, Andoni Atxega San Sebastianek eta Carlos Perez Fraisolik ordezkatuko dute EAJ Usurbilgo udalbatzan.
Berrikuntza sakonena sustatuko duena EHBildu izango da. Egungo legealditik Jose Mari Iribar Zapiain zinegotzia izango da legealdi berrian karguan mantenduko den koalizioko kide bakarra.
Koalizioak egun dituen gainerako zazpi udal ordezkariak badoaz. Xabier Arregi Iparragirrek alkate izateari utziko dio, eta zinegotzi izateari utziko diote baita, Alaitz Aizpurua Labakak, Xuban Zubiria Elexpek, Jone Urdanpilleta Urdanpilletak, Iñaki Ugarte Agirrek, Irene Garcia Palaciosek, eta Josune Estella Arranzek.
Gainerako erakundeak berritzeko ekitaldien egutegia:
-Ekainak 19, 10:00 Gipuzkoako Batzar Nagusiak.
-Uztailak 2: Europako Parlamentua.
-Zubietako Herri Batzarreko hautagai berrien kargu hartze eguna zehazteke dago.