Xabier Arregi Iparragirre
Hitz batzuk, lau urteren ondoren
2015eko ekaina. Kargua hartzearekin batera, hasi berriaren ziurtasun eza, ardura eta erantzukizuna sentitzen nituen zuen (usurbildar guztion) aurrean. Ondo aritu nahi, baina neure burua alkatetzan probatu gabea izanda, ezin jakin nola erantzungo nuen.
Lau urte igaro dira harrezkero. Lau urteko epealdia motza da, edo luzea, nondik begiratzen den. Edonola ere, lau urtean ezin konta ahala gertakari, ezuste eta arazo kabitzen dira. Ekarpenek, eskaerek, proposamenek eta kritikek laneko espazioa inbaditzen dute, baina espazio berean bizi dira ilusioa, estutasuna, poza eta atsekabea. Tramiteak eta gestioak huts dira emoziorik gabe. Administrazioa eta bizi-esperientzia emozionala, hain kontrajarri diruditen arren, txanpon beraren bi alde izan daitezke.
Horregatik beharbada, atzera begira jarrita, flash emozionalak datozkit: laguntza eskatu zidanaren begiratua, elkarrizketa xalo eta bete hura, egin didaten errieta, mahaitik altxa eta haserre joan zaidan laguna, kalean geldiarazi eta estimua adierazi didan pertsona. Lau urtean, aspaldi ez bezala ikusi ditut malkoak masailetan: batzuk pozez, beste batzuk tristuraz edo amorruz.
Kudeaketaz, proiektuez eta gobernantzaz hitz egin beharko luke fundamentuzko alkate batek. Hala dirudi. Baina, udaleko jardunari begira, giza dimentsioa da lehenik datorkidana, pertsonak udalean lanean, pertsonak udalarekin hartu-emanean, beren on-txar guztiekin. Halaxe gertatzen ari zait orain ere: zuengana zuzendu, eta bizipenak datozkit, balantze formalak baino gehiago.
Aitortzen dizuet: ondotxo dakit ez dudala beti asmatu. Dakidan bezala dena ez dagoela udalaren esku. Izan ditut estutasunak, ez dut ukatuko. Geratu zaizkit arantzak, eta horien artean badut bat bereziki mingarria. Artzabaletatik gora, lehen Arkaitz errekak zeharkatzen zuen Letabideko paraje eder horretan, zutik dago orain errauste-planta. Haserre naiz oso, Gipuzkoako agintariek ez gaituztelako aintzat hartu, ezta entzun ere. Haserre naiz baita ere, alderdikeriaz harago, batuta erantzutea eskatzen zuelako mamu beltz horrek. “Herri-erantzun bateratua”, horixe eskatu nuen udalean kargua hartu nuen egun berean. Alferrik, oraingoz.
Esker oneko hitzak ditut.
Etxekook: anparoa, etengabeko babesa izan dut zuengan, uneoro.
Taldekideok: pertsona zintzo, gaitu eta konprometituekin aritu naiz, langile fin eta saiatuekin. Talde izan gara, lagunarte. Eta hori handia da, handia denez.
Udal langileok: presente duzue herritarren zerbitzura aritzeak baduela aparteko balioa eta erantzukizuna. Hori duzue oinarri, eta nabarmentzekoa da.
Agurtzane eta hautetsi berriok: eskertu nahi dizuet aurkeztu izana. Ondo asko dakit gaitasuna, ilusioa eta konpromisoa sobran dituzuela. Zorte ona, horixe da opa dizuedana, hori ere behar izaten da eta.
Usurbildarrok: zorte oneko izan naiz halako herri batean aritzeagatik. Herri honek erruz eman dit. Usurbilgo udalerria ez da etxe batean gobernatzen. Plaza da herri honen bizigunea. Plazan gara, kalean, gure ekimenetan. Udalerriaren baitako herrietan bizi gara. Euts diezaiogun izaera aberats horri.
Azkeneko hitzak ditu Xabier alkateak. Baina ez dago adiorik hitz hauetan, lehen bezalaxe sentitzen bainaiz orain ere herri-proiektu honen parte.
Jaso nire besarkada eta esker ona, bihotz-bihotzez.