Gaur eguerdian ospatu da udalbatza berria eratzeko ekitaldia. Usurbilgo Udaleko pleno aretoa txiki geratu da. Bertan ziren aurreko legealdiko udal ordezkariak nahiz berria osatuko dutenen lagunak eta senideak.
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan hautatuak izan ziren ordezkariek euren karguak hartu dituzte gaur egurdian. Ekitaldian ez da sorpresarik izan. EH Bilduk gehiengo osoa duenez, Agurtzane Solaberrieta Mesa lehen bozketan izendatu dute alkate. EAJ-PNVko ordezkariek euren hautagaiaren alde egin dute eta PSE-EEko ordezkariak zuri bozkatu du.
2019-2023 legealdiko udal ordezkariak
EH Bildu koalizioak zortzi ordezkari izango ditu: Agurtzane Solaberrieta Mesa (alkate berria), Beñat Larrañaga Urdanpilleta, Lur Etxeberria Gurrutxaga, Joxe Mari Iribar Zapirain, Aroa Etxeburua Ugartemendia, Luken Arkarazo Silva, Oxkar Santamaria Pikabea eta Itziar Basterrika Unanue.
EAJ-PNV alderdiak lau zinegotzi izango ditu legealdi honetan: Josune Urkola Larrarte, Mirari Azurmendi Sorazu, Carlos Perez Frisoli eta Andoni Atxega San Sebastian.
PSE-EE alderdiak zinegotzi bat izango du, Patxi Suarez Perez. Fermin Orue-Echevarriak aurreko legealdian izan zuen eserlekua hartu du Patxik.