"Agurtzane, hemen dut eskuetan Usurbilgo aginte zumea". Alkate izendatu berritan, Xabier Arregi Agurtzane Solaberrietarengana hurbildu da. "Zuri ematea ohore handia eta atsegin handia da niretzat. Ondo ezagutzen zaitut eta badakit zume honek adierazten dituen baloreak bat datozela zure izateko eta agintea ulertzeko daukazun moduarekin".
Aginte zume hau "xumea da; malgua baina ez hauskorra; borobila eta ez goitik beherakoa", Xabier Arregik azaldu duenez. "Hementxe dauzkat berdintasunaren eta feminismoaren baloreak. Eta orain Usurbilgo bigarren emakume alkatearen eskuetara doaz. Horrek gogobete egiten nau. Ziur nago Agurtzane, osatuko duzuen udal gobernuak eta udal osoak ekarri handia egingo diozuela herri honi eta ziur naiz herria zuen ondoan izango dela, aurrera egiteko beti prest".
Zumea eskuetan, aginte aldaketa irudikatu du hitz hauekin: "Gure alkate Agurtzane, tori Usurbilgo aginte zumea". Besarkada estu batean bildu dira biak, bertaratutakoen txaloen artean.