“Bihotz bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuet berriro ere EH Bildurengan konfiantza jarri duzuen herritarroi. Eta eskerrak eman nahi dizkiet ere, nola ez, udal hauteskunde hauetan beste hautu politikoen alde egin duten herritarrei”.
Usurbildarrentzat bezalaxe, azken lau urteotan alkate gisa jardun duenarentzat ere hitz gozoak izan ditu Solaberrietak: “behin baino gehiagotan esan dudan bezala, niretzat ohore bat da Xabier Arregiren eskutik lekukoa hartzea. Eskerrik asko zuri, Usurbilen eta usurbildarren alde zure onena eman duzulako. Siglak alde batera utzi eta pertsonen arteko tratua zaintzen eta beti herri interesei begira aritu zarelako, fin-fin eta nekaezin”. Xabier Arregiren aurretik alkate izandakoak ere gogoan izan ditu Solaberrietak.
“Gure aginte ikurra zumezko uztaia da. Nire ustez, zumezko uztai honek erakusten du aginteak nolakoa izan behar duen: apala eta malgua baina, aldi berean, sendoa eta tinkoa. Zumea bezala. Ezaugarri horiek gure izateko eta jarduteko moduekin bat datozela esango nuke. Gu bokazio horrekin gatoz lanera. Apaltasunez, malgutasunez, baina aldi berean sendotasunez”.
Ondoko bideoan duzue Agurtzane Solaberrietak eskaini duen hitzalditxoa oso-osorik.
"Bakean eta denon artean"
Alkate berriaren azalpenen ondoren, Josune Urkolak hartu du hitza. EAJ-PNVren izenean, alkate berria zoriondu egin du. Patxi Suarez PSE-EEko zinegotziaren txanda iritsi da ondoren. Euskara hutsean aritu da eta herritarrek emandako konfiantza eskertu du ezer baino lehen. “Ohore handi bat da niretzat”, aitortu du plenora bertaratu direnen aurrean. “Denok batera gure arazoak konpon ditzakegu, ukondoz ukondo lan eginez, gizarte justu eta orekatu bat lortzeko. Ez dut amaitu nahi aipatu gabe hau oso garai ederra dela. Izan ere, orain elkarrekin lan egin dezakegu, bakean eta denon artean”. Bertaratu diren herritarrek txalotu egin dituzte Patxi Suarezen hitzak.