2019-20 denboraldiko Futbol Eskolaren aurkezpena 18:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 18a, 09:48

Udako oporraldi osteko denboraldi berria prestatzeko lan betean da Usurbil F.T. 2019-20 denboraldiko Futbol Eskolaren nondik norakoak aurkezteko bilera irekia deitu du gaurko (ekainak 18) 18:00etan Potxoenean.

2019-20 denboraldirako prestaketa lanak hasi ditu Usurbil F.T.-k. Sasoi berrirako Futbol Eskola aurkezteko hitzordua finkatu du astearte honetarako (ekainak 18), 18:00etan Potxoenean. "Bertan urteko funtzionamendua eta nondik norakoak azalduko ditugu", iragarri dute deitzaileek.

Usurbil K.E.-ren afaria
2018-19 denboraldia agurtzeko afaria antolatu du Usurbil K.E.-k ekainaren 22an 21:00etan frontoian. Txartelak hilaren 20a baino lehen eskuratu beharko dira Bordatxon, 20 euroren truke, 12 euro ordainduta 14 urtera arteko gazteek. Menua: enbutidoak, txanpiak saltsan, lumagorri oilaskoa, saiheskia letxugarekin. Ijito-besoa izozkiarekin. Kafea. Edariak, txotx sagardoa, eta bestelako edariak. 

Uxue Trail Lasterketa
Mendi Lasterketa ospatuko da estreinakoz Usurbilen. Uztailaren 6an Andatza inguruak zeharkatuko dituen proba herrikoiari Uxue Trail izena jarri dio antolakuntzak, Phelan-McDermid Sindromea duen Uxue Martin gaztetxoaren aldeko ekimen solidarioa izango baita.  

Phelan-McDermid Sindromea ezagutarazi eta gizartea gaixotasun honekiko sentsibilizatzea da lasterketaren helburu nagusia. "Phelan-McDermid Sindromea, edo 22q13 kromosomaren gabetzea, gure herriko Uxue txikiak duen gaixotasun arraroa ezagutarazteko antolatu dugu Andatza mendian zehar ibiliko den mendi lasterketa hau", berri eman du antolakuntzak. Gaixotasun honi buruzko informazio gehiago, hemen duzue: 22q13.org.es  

Ohartarazi dutenez ordea, "sindromearen ikerketarako ere ahalik eta laguntza gehiena eman nahiko genuke". Laguntzeko bide ezberdinak izango ditugu; batetik, Uxue Trail proban izena eman eta lasterketan parte hartzea uztailaren 6an. Bi distantzietako proba, proba motza edo luzea egin ahalko da. Lasterka aritu nahi eta ezin duenak, badu elkartasuna adierazteko beste modu bat ere; dortsal solidarioa eskuratzea. Alegia, nahiz eta lasterketan ez parte hartu, aipatu sindromearen ikerketara bideratuko den diru ekarpena egin daiteke. Guztia, kronoak.com atariaren bidez.

UXUE TRAIL
Eguna: uztailak 6, larunbata.
Abiatzeko hitzordua: 9:00etan, Usurbilgo frontoitik.
Bi proba aukeran: 
-Luzea: 20 km. Prezioa: 20 euro.
-Motza: 11 km. Prezioa: 15 euro.
-Dortsal solidarioa. Donazioa.
Izen ematea: kronoak.com atarian, uztailaren 5eko gaueko 22:00ak arte.
Oharra: oparien zozketa lasterketa amaieran, parte-hartzaile guztien artean.