Udal hauteskundeak 2019

Agurtzane Solaberrieta: “Usurbil guztiona da eta guztiontzat izan behar du”

Noaua Aldizkaria 2019ko eka. 18a, 17:01

Alkate izendatu berriari lagun eta senide ugari batu zitzaizkion pleno aretoan. Hasi, urduri hasi zuen bere hitzaldia. Behin martxa hartu zuenean, sosegatzen joan zen. Herritarren babesa eskertuz ekin zion Agurtzane Solaberrietak alkatetza karguari. “Bihotz bihotzez eskerrak eman nahi dizkizuet berriro ere EH Bildurengan konfiantza jarri duzuen herritarroi. Eta eskerrak eman nahi dizkiet ere, nola ez, udal hauteskunde hauetan beste hautu politikoen alde egin duten herritarrei”.

Usurbildarrentzat bezalaxe, azken lau urteotan alkate gisa jardun duenarentzat ere hitz gozoak izan zituen Solaberrietak: “behin baino gehiagotan esan dudan bezala, niretzat ohore bat da Xabier Arregiren eskutik lekukoa hartzea. Eskerrik asko zuri, Usurbilen eta usurbildarren alde zure onena eman duzulako. Siglak alde batera utzi eta pertsonen arteko tratua zaintzen eta beti herri interesei begira aritu zarelako, fin-fin eta nekaezin”. Xabier Arregiren aurretik alkate izandakoak ere gogoan izan zituen Agurtzane Solaberrietak.

 

Zumezko uztaia, malgua baina sendoa

“Gure aginte ikurra zumezko uztaia da. Nire ustez, zumezko uztai honek erakusten du aginteak nolakoa izan behar duen: apala eta malgua, baina aldi berean, sendoa eta tinkoa. Zumea bezala”. Ezaugarri horiek EH Bilduren jarduteko moduekin bat datozela esan zuen Solaberrietak: “Gu bokazio horrekin gatoz lanera. Apaltasunez, malgutasunez, baina aldi berean sendotasunez”.

Joseba Sarrionandiaren Lapur banden etika ala politika (Pamiela, 2015) liburuan irakurritakoak baliatuz, datozen lau urteotarako asmoak aurreratu zituen. “Sarrionandiak dio bi aukera baino ez daudela: lapur banden partaide bilakatzea ala politika egitea”. Politika egiteko ezintasunaz mintzo da idazle durangarra, “baina aldi berean politika egiteko obligazioaz. Hori bai, politika beste gisa batera obratzeko deia egiten du”.  Ezberdin pentsatzen duenari zor zaion errespetua azpimarratzen du Joseba Sarrionandiak bere saiakera liburuan: “Errepublika sanoena eratuta ere, hurkoarekiko errespeturik ezean  politikak ez du izaterik”. 

 

“Komunitateen arteko sareak josi behar ditugu

Hain zuzen, hori da Agurtzane Solaberrietak gidatuko duen udal gobernu berriaren asmoa. “Herritarrek udala kudeatzeko ardura EH Bilduren esku utzi badute ere, Usurbil ez da EH Bildu. Udalbatza honek erakusten duen bezala”. 

Herria anitza denez, “komunitateen arteko sareak josi behar ditugu komunitate bat eta bakarra eraikitzeko”. Horretarako, beharrezkoak izango ditu ezberdinen arteko akordioak. “Interes alderdikoiak baztertu eta herri interesei begira aritzeko deia egin nahi dizuet”, adierazi zuen Solaberrietak legealdi hasierako ekitaldian. “Elkarlanaren bidetik aritu nahi dugu EH Bilduko ordezkariok eta EH Bildu prest dago lankidetza horretan aritzeko. Etengabe adostasunak eraikiz eta inork inor bazterrean utzi gabe. Usurbil guztiona da eta guztiontzat izan behar du”. 

 

Udala eta herriko plaza, “txanpon beraren bi alde”

Sarrionandiaren ideiarekin bat eginez, “politika egitea beraz, gure obligazioa da. Askatasunerako eta herritarren arazoak konpontzeko tresna gisa. Guk politika diogunean herrigintza diogu. Bere burua eraikitzen duen herri bat, herritarrak ezinbesteko eragile dituen herri bat”. 

Udala eta herriko plaza txanpon beraren bi alde direla dio alkate berriak. “Herrigintzaren bi aurpegiak dira. Ezinbestean, herriak eta udalak eskutik jardun behar dute. Malgutasunez, bidaide izan. Eta horregatik eskua luzatzen dizuet gaur”. 

 

“Feminismotik uneoro edanez”

Hauteskunde kanpainan, Elkarrekin burujabe izan zen EH Bilduren leloa. Eta hortik ere tira egingo du udal gobernu berriak: “sendotasunez jarraituko dugu behetik gora, Usurbildik Euskal Herriaren norabidean. Burujabetza lantzen, gure herria euskalduntzen, bizikidetzan sakonduz, euskal preso eta iheslari guztiak etxerako bidean jartzen, justizia soziala borrokatzen herritar guztiek bizitza duina izan dezaten”. Eta hori guztia begirada morez egin nahi dutela azpimarratu zuen Agurtzane Solaberrietak, “feminismotik une oro edanez. Ardura honi diodan errespetutik, konpromisoa, ilusioa eta gogoa baditugu. Gure onena ematera gatoz. Eskerrik asko Usurbil eta aurrera”.