Lehia biziko hitzorduak izango ditugu abiatzear ditugun jaiotan.
Herri kirolen igandea
Herri kirolen plaza izango dugu Usurbilgoa igandean. Tradizioari hutsik egin gabe, txapelketa ezberdinen lekuko izango ditugu jaiok ere. Igande goizez, Gipuzkoako 2. mailako Aizkora Txapelketa ospatuko da 12:30etan hasita. Arratsalde partean, herrialde mailako beste bi txapelketa; 18:30etan, Gipuzkoako lasto-altxatze eta ingude-txapelketak. Idi-dema iragarri dute segidan.
Festen abiapuntua, kirolaz blai
Jaien atarikoa kirol hitzorduek osatuko dute. Azken asteotan jokoan izan den emakumezko zein gizonezkoen pala txapelketako finalak ospatuko dira, kirol egokituen erakustaldiaren ostean. Ostegun arratsaldeko 17:30etan hasita frontoian. Tarte horretan gaztetxoentzako beste hitzordua; haurrentzako BTT bizikleta-irteera herritik barrena. 18:00etan abiatuko da Mikel Laboa plazatik.
Multikirol festa
Ostiral gau giroa bizitu du frontoian asteotan Aztarrika gazte mugimenduak antolaturiko Multikirol txapelketak. Giro ezin ederragoan aritu dira ekimenean izena eman duten gazteak eskubaloian, futbolean eta hockeyan. Jaietara hedatu dute ekimena; multikirol festa antolatu dute ekainaren 28rako 11:00etan txosnetan. Gazte egitarauko lehen hitzordua izango da.
Urpekaritza saioa Kiroldegian
Jaien zurrunbilotik pixka bat aldendu eta freskatzeko hitzordu ezin aproposagoa. Igande goizean, urte luzez ospatzen den urpekaritza saioa antolatu dute Oiardo Kiroldegian. Ekainaren 30ean, goizeko 11:30etan. Igerileku eraberrituan!
Bola txapelketak
Helduena ekainaren 29an 11:00etan, haurrena uztailaren 1ean 16:30etan. Askatasuna plazako bolatokian noski. Izena unean bertan emanda parte hartu ahalko da.
Eskupilotako finalak
Palarenarekin batera, Usurbilgo Pilota Txapelketa jokatu da asteotan. Amaierara heldu da; finalak uztailaren 2an 17:30etan.