Udaleko Parekidetasun Sailetik azken urteotan festei begira egindako lanketan sakontzeko apustua gauzatu dute, eremu honetan diharduen Sortzen elkartearen laguntzarekin. Aurreko urteetan Beldur Barik kanpainarekin bat egin zuten, aurten ordea “zerbait landuagoa nahi genuen”.
Gidaren ideia Sortzenekoen eskutik jaso zuten. Helburu argi batekin: “jaietan zerbait gertatuta zer egin, nola jokatu, lagundu jakiteko”. Eta argi zuen Udalak herrian herritarrekin landu behar zutela.
Prozesuan, txosna batzordeko zein gazte mugimenduko kideek parte hartu dute. Urtarrilaz geroztik, bai txosna batzordeak eta Aztarrikak jaiak eta harremanen gaiari heldu eta landu dute ekintza desberdinen bidez. “Gure urte honetako prozesuaren emaitza izan da”, gida eta protokoloa. Tresna hauen lanketan, “gogo askorekin parte hartu dugu”, adierazi digute.
NOAUA!ri adierazi diotenez, “eraso bat zer den lantzetik hasi ginen”. Norbere ikuspegi subjektiboa agerian geratu zen. Argi dutena da halere, “erasoak aurpegi asko dituzte. Ohituak gaude ateratzen garen bakoitzean halakoak jasatera. Orduan horiei aurre egitea denon ardura da”.
“Erasoei merezi duten garrantzia ematea”
Dagoeneko erronka bat bete dutela diote; gaia plaza publikora ateratzea eta “jai giroan jasotzen ditugun erasoei merezi duten garrantzia edo duten larritasuna aitortzea eta erantzun bat ematea”. Eta gaia ikusarazita, jaiak lasaiago bizi ahal izateko bidean kokatzea, oraindik orain, “emakumeek ezin baitute festez nahi duten bezala gozatu. Beraz bada bada gizon eta emakumeen arteko bereizketa bat, emakume izate hutsagatik, non ez dugun eskubide bera festak bakoitzak nahi dituen eran bizitzeko”. Gida honekin, alkatearen ustez, “eskubide galera hori plaza publikora ateratzen dugu”.
Gai honek dituen ertz ezberdinei heltzen dien gidaren edukiak. “Zer den sexu eraso bat edo zer den indarkeria matxista”. Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietaren esanetan fokua zabaltzen du. “Fokua ez du soilik emakumeengan jartzen, baita LGBTIQ+ kolektiboko kideek jasaten dituzten erasoak matxistatzat jotzen dira ere”. Eta baiezkoaren eta ezezkoaren arteko muga argia marraztzen du. “Gidak oso ondo finkatzen du bai soilik bai dela, hori ez den gainerako guztia, ez dela”, alkateak nabarmendu duenez.
Eta erantzukizunaren fokua noski, mutil edo gizonengan jartzen du. Aukera ematen du besteak beste, ez bakarrik Usurbilgo jaiei begira, urtean zehar gai hau lantzeko. Bai etxean eta guztiok partekatzen dugun gune publikoetan, jendartean. “Etxetik hasi behar dugu lanketa honekin”, adierazi digute. Gurasoek parrandara joan aurretik jaietan nola jokatu, seme-alabei helarazten dizkieten mezu ezberdin horietatik. “Gurasoei ere gaia nola landu pistak ematen dizkiete”. Hitz egiteko hamaika aitzakia eskaintzen ditu gidak. “Festei begira lantzeko egokia da, baina urteko beste edozein uneetan etxe guztietan egon behar lukeen elkarrizketarako eduki nahikoa badu”, adierazi digute.
“Abiapuntu bat da eta lan marko bat eskaintzen digu. Lan marko horren gainean lanean jarraitu beharko dugu”, gaineratu du alkateak. Abiatu berri duten legealdian “landu nahi genukeen ildo bat da” inplikatuak dauden aktore guztiekin, neska, mutil, guraso eta abarrekin. Aurrera begira, “errebisio bat egin beharko dugu zer jai ere dugun, emakumeen parte hartzea bermatzen ote duten…”
Festetarako protokoloa
Gida landu duen talde berak, erasoen aurrean erantzun bat emateko protokoloa ere prestatu du jaiotarako, iaz esaterako Aginagako Jai Batzordeak egin bezala. Egunotan tabernari eta txosnetako kideei aurkeztuko zaie, erasorik gertatuko balitz martxan jarri dezaten. Herrian ere, jai giroan halakoak gertatzen direla ikusarazi eta jabetzeko, besteak beste, ondoko ekimenok bideratuko dituzte jaiotan:
-Besoko moreak: hainbat lagunek jai eremuan besoko moreak izango dituzte jai egunotan. Erasotua izan denak haiengana jo ahalko du, hitz egin, babestu eta laguntza jasotzeko.
-Erasoen zenbagailua: erasotua sentitu den edonork edo lekukoek markagailu horretan jaietan gertaturiko erasoak zenbatzen joateko.