Azken urteotako protokoloari jarraiki, Arraiketai txarangako kideek Orbeldi Dantza Taldekoak eta herritar mordoa ekarri dituzte udaletxe aurreko plazara. Gazte Eguneko ospatzen ari zirenekin gauza bera egin du Elektrotxufla txarangak ere. Plaza beteta zela piztu dute txupinazoa aurtengo omenduek; Bera Bera eskubaloi taldeko herriko jokalari Esther Arrojeriak eta Estitxu Berasategik. Aurretik kargua hartu berri duen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak hartu du hitza. Lur Etxeberria zinegotzia bertsotan entzun dugu.
Amaieran, Orbeldikoen eskutik Usurbilgo ereserkia dantzatu eta abestuz festa giroa lehertu da udaletxe aurreko plazan.
Agurtzane Solaberrieta, Usurbilgo alkatea
Iritsi da behingoz egun handia, herriko jaiak hemen ditugu! Eta beraz aukera aparta dugu urte guztiko nekeak, estresa, arazoak, buruhausteak edota betebeharrak albo batera uzteko. Burua freskatzeko, gaur beharko dugu eta zerbait. Eta batez ere gozatzeko, ondo pasatzeko. Eta ezer baino lehen, txalo zaparrada handi bat eskatu nahi dizuet gu guztiok ondo pasatzeko hilabete luzez festa hauek antolatzen aritu diren herritarrentzat, herriko taldeentzat, eta nola ez, Jai Batzordearentzat. Izan ere egitarau aparta antolatu baitute aurten ere. Aupa zuek!
Kaleaz, lagun artez, familiaz, koadrodun zapia jantzi, eguneroko monotoniarekin hautsi eta murgil gaitezen festara! Buruhandien aurretik korri egin dezagun, dantzatu txarangekin, parte hartu antolatu diren hamaika ekimenetan, eta lau egunez bada ere bazterrean utzi dezagun mugikorra, sare sozialak.... Eta murgil gaitezen festara! Bihur gaitezen ilusioaren, umorearen eta festaren menpeko.
Ondo pasa beraz, baina pasa gabe. Joka dezagun errespetuz. Herri honetan ez ditugu eraso homofoboak onartzen ez eta jarrera edo eraso matxistak onartzen. Kaleak, gauak, festak geureak ere badira. Emakumeonak ere badira, beraz argi izan, garenak garela, guztiok dugu festaz nahi bezala askatasunez eta berdintasunean gozatzeko eskubidea. Eta gaur ekainak 28 izaki, inoiz baino ozenago aldarrikatu nahi dut, genero eta sexu askatasuna, sexu aniztasuna, izan ere jende librea nahi baitugu herri libre batean.
Eta gaur ere ondo gogoan ditugu gure artetik joan zaizkigun usurbildarrak edota geure artean egoterik ez dutenak. Gogoan ditut duela urtebete txupinazoa bota zuten Xabi eta Raimundo. Seguru dauden tokian daudela, guri begira egongo direla.
Ixa bat daramagu bihotzean. Maskotak zintzilik duen giltzak ea lehenbailehen zabaltzen dituen ziegetako sarrailak eta datorren urtean Xua bere gurasoekin batera herriko jaietan ikusteko aukera dugun. Buruhandiekin jolasteko aukera izan dezan, euskal presoak etxera!
Eta aurten festei hasiera emateko eginkizuna Estitxu Berastegi eta Esther Arrojeriari eman die Jai Batzordeak. Jai Batzordeak txalotu eta omendu nahi izan du herriko kirolari emakumeek egiten duten lana sakrifizioa, konpromisoa eta esfortzua. Nik ere bat egin nahi dut omenaldi horrekin, izan ere emakumeok bagara nor kirolean, bi neska eta emakume handiok erakutsi duten bezala. Jabetu gara kirola ez dela mutilen kontua soilik, baina tamalez oraindik ere kirolarekin zerikusia duen mundu ikuskerak oso androzentrista da oraindik eta horregaitk uste dut txiki txiktiatik bestelako kirol balio eta eredu batzuk sustatu behar ditugula, behar dizkiegula gure seme-alabei. Eta gaur herri honek norabide horretan urrats txiki baina handi bat eman du. Beraz zorionak Usurbil eta gora Santixabelak!
Esther Arrojeria
Eskerrik eman nahi ditugu gaur hemen egoteko aukera emateagatik. Guri pertsonalki omenaldi bat egiten zaigulako herriaren aldetik eta azkenean ilusio handia egiten digulako plaza beteta ikusteak. Aipatu duten bezala bestalde, emakumeen kirola pixkanaka indartzen ari da gizarte honetan. Oraindik nabarmena da ordea ezberdintasuna bai gizoneko eta emakumezkoen artean, gizartean orokorrean eta gure esparruan. Halako ekintza txikiek -hau herri mailan geratzen bada ere- laguntzen dute emakumeen kirolari ikusgarritasuna ematen. Halako ekintzak ezinbestekoak dira azkenean hainbeste desio dugun berdintasun horretara heltzeko. Aprobetxatu nahi dugu une hau Usurbilgo emakume taldeak denbora honetan guztian egin duen lana goraipatzeko; bai Usurbilgo festetarako egin dituzten pankartak, sortu duten protokoloa inongo eraso matxistarik egon ez dadin Santixabel hauetan eta baita Martxoaren 8an egin zituzten ekintzak, guztien atzean lan ikaragarria dagoelako. Aupa zuek! Jarraitu borroka horretan eta denon artean lortuko dugu hainbeste desio dugun berdintasuna!".
Estitxu Berasategi
"Eskerrik asko bai gertukoei, beti ondoan egon zaretenei, herriari eskerrik asko. Une oro sentitu dugu Estherrek eta nik babesa eta animuak denon partetik. Guretzat ohore bat da hemen egotea jai hauei hasiera ematen. Denok gogo handia dugu gozatzeko, berdintasun batean festei hasiera emateko. Hala segitzeko.
Aupa Usurbil! Gora emakumeak! Gora Santixabelak"