eME: "Aurten ere deitu digute jotzeko eta baiezkoa eman genuen pentsatu gabe"

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 4a, 10:00
Argazkiaren egilea: Ion Markel Saez de Urabain.

Laboaren Uztaila estrenatuko du eMe taldeak, uztailaren 4an, ostegunez 22:00etan Mikel Laboa plazan. Uztailean ostegunero izango da aukera Mikel Laboa plazan abeslari eta musika taldeen kontzertuak disfrutatzeko. Lehen taldea eMe izango da, Haritz Harreguy soinu teknikari ezaguna bada ere, musikaren munduan bestelako urratsak ere eman ditu musika talde ezberdinetan. EMe taldea osatu zuen duela pare bat urte Nora Izagirre moda diseinatzailea eta Ruben Caballero musikariarekin batera. Kontzertuaren nondik norakoez aritu gara Harreguyrekin. 

NOAUA! Laboaren Uztailaren baitan kontzertua eskainiko du eMek. Nola izan da parte hartzearen proposamena?
Joan den urtean ere luzatu ziguten proposamena, baina ezin genuen jo. Jada ez dut gogoan oso ongi zergatik izan zen, baina ezin genuen. Urtero jaisten naiz kontzertuak ikustera, sortzen den giroa oso-oso polita baita. Aurten ere deitu digute jotzeko eta baiezkoa eman genuen pentsatu gabe.

Musikari handia izan zen Laboa eta letra asko eman zituen Joxean Artzek, zure osaba ere badenak, zuen kantuetan ere garrantzia berezi duena. 
Bai tira, hori jada ADNan daramagu. Osabaren letrak txikitatik izan dira gure bizitzaren parte. Hala ere, niretzat garrantzia gehiena duena da nola antolatuta dagoen, zer-nolako maitasunarekin antolatzen duten eta nolako gogoak jartzen dituzten. Osaba edo Mikel Laboaren kontuagatik baino ekimenagatik beragatik egiten zait berezia.

Mikel Laboari eskainitako zikloa denez, Mikelen abestirik joko duzue? Edo betiko errepertorioa izango da?
Gure betiko kantak joko ditugu.

Kontzertu batzuk eskaini dituzue 2017an diskoa atera zenutenetik, zer eman dute?
Maila pertsonalean beste arlo batzuetan ezagutzeko aukera eman digu Nora eta bioi bikote garen aldetik. Talde ikuspuntutik, konsziente izanda beste lan batzuetan ere bagabiltzala zer-nolako martxa jarrai dezakegun argitzeko aukera eman digu. Kantuak egiten jarraitzen dugu eta kontzerturen bat ateratzen bada, horri ere heltzen diogu lasai-lasai. Ezin dugu astebururo kontzertuak ematera konprometitu, urrutira joaten eta kontzertuek dakarten guzti horri heltzen.

Norantz doa eMe? Zeintzuk izango dira hurrengo urratsak?
Kantuak grabatzen jarraituko dugu lasai-lasai eta gero bideak berak esango digu. Ez daukagu ezer planifikatuta, momentuan momentukoa egiten dugu. Gutako inor ez da kantu sortzailea edo horiei forma ematen adituak eta orduan beste modu batera planteatu dugu dena.

Bigarren diskorik izango al da?
Ez dugu ezezkorik esaten. Kantuak egiten gabiltza eta beste diskoren batean bilduko ditugu, bai. Udazkenerako zerbait grabatzeari buruz hitz egin genuen, pare bat abesti berri baditugu, baina horretan jarri behar.

Argazkiaren egilea: Ion Markel Saez de Urabain.