Uxue Trail-en antolakuntza: "Esker mila guztioi!"

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 10a, 11:43

Estreinakoz larunbatean ospaturiko Uxue Trail, Usurbilgo lehen mendi lasterketaren balantze ezin gozoagoa egin du antolakuntzak. NOAUA!ra igorritako ohar bidez adierazi duenez, "aurreikusitako asmoak bete eta gainditu egin dira". Esker oneko hitzak baino ez dituztela nabarmentzen dute parte hartzaile eta laguntzaile ororentzat:

Phelan Mcdermid elkartetik eta bereziki, Uxueren familiaren partetik balantzea egiteko unea da. 

Aurreko larunbatean Usurbilen bizitako hitzez adieraztea oso zaila da. Herri guztiaren esku hartzea, bertan gertatu zen giroa, jasotako indar eta animoak izugarriak izan dira. Aurreikusitako asmoak bete eta gainditu egin dira. Gertatu denaren aurrean helburu ekonomikoak, nahiz eta uste baino gehiago lortu dugun, bigarren plano batean geratu dira guretzat. Gure etxeko txikiak jendearen onena azaleratu duela ikusteak oso harro sentiarazi gaitu. 

Esker oneko hitzak besterik ez dauzkagu. Boluntario lanean ibili den orori esker mila, bidegurutzetan egon direnei, lasterketan jan- edanak prestatzen eta eskaintzen, laster-bideak garbitu eta gozatzeko prestatu dituztenei, helmugan lasterkariak zaintzen ibili direnei, argazkilariei, DYAko lankideei... Dirutan edo produktuen bitartez lagundu duten kolaboratzaile guztiei, mila esker. Modu berean, esker mila instituzioei, komunikazio hedabideei, sare sozialez arduratu direnei eta Dimension agentziari bere lan bikainagatik... Guztioi eskerrik asko, zuen laguntza ezinbestekoa izan zaigu hainbeste jenderengana iristeko. 

Baina bereziki eskertu nahi ditugu ideia amestu eta lan talde bikaina osatuz, astero bere denbora eta lana oparituz, proiektu hura gauzatu dutenak. Bihotzean gordeko dugu larunbatean gertatu zena.

Uxuek, bera bezalako umetxoek egiten dakiten modura, muxuak eta besarkada beroa bidaltzen dizue. Esker mila guztioi!

Korrika entzuten zaigulako.