Usurbilgo jaien balantzea egiteko bilera 18:00etan Potxoenean

Noaua Aldizkaria 2019ko uzt. 15a, 07:59

Udako inguruotako hurrengo jaietan murgildu aurretik, balantzerako ordua da. 2019ko herriko festak igarota, balorazio bilera deitu du Jai Batzordeak astelehen honetarako (uztailak 15) 18:00etan Potxoenean.

Ohi bezala, orain artekoen antzera, bilera irekia izango da honako hau ere. Herritar nahiz eragileak daude gonbidatuak, gaurko, uztailaren 15eko hitzordura; 18:00etan Potxoenean. Bertan norberak antolaturiko nahiz orohar festen inguruko balorazioa egiteko tartea hartuko da: zerk funtzionatu duen, zer dagoen hobetzeko...

Jai gehiago ate joka
Joan zitzaizkigun Usurbilgo jaiak, festa giroa halere etenik ez du izango hilabeteotan. Adi hurrengo festen datei, uztaila amaieran eta abuztu hasieran nahiz amaieran parranda giroa nagusituko da, Zubietan lehenik, Urdaiagan segidan eta oporren itzuleran, Atxegalden azkenik. Hemen festa guztion datak, xehetasun gehiago egunotan:
-Zubietako jaiak: uztailak 24-31.
-Urdaiagako jaiak: abuztuak 2-4.
-Atxegaldeko jaiak: abuztuak 23-25.